Dorisen marrazki "bereziak"

Erkuden Ruiz Barroso 2020ko ira. 22a, 12:17

"Duela urte pila bat" Irurtzungo margo tailerretan izena eman zuen eta txikitatik zeukan marrazteko nahiari atea ireki zion Doris Vicente irurtzundarrak. Irailean eta urrian bere marrazki "berezien" erakusketa izanen da Pikuxarren

Haurra zenetik Doris Vicentek marraztu nahi zuen, "baina ez nekien”. Buruan zeuzkan gauzak marrazten zituen, "oinarri akademikorik” gabe. "Ez nekien ikusten nituen gauzak marrazten”. Beraz, "nire modura” marrazten hasi zen: "Ateratzen zitzaidana marrazten nuen”. Horrela jendeak gaizki ala ongi egin zuen ez zekiela aitortu du. Beraz, duela zenbait urte Irutzungo arte tailerra hasi zenetean marrazten ikasiko zuela pentsatuta, "marrazkiak ongi eginak egiten ikasiko nuela pentsatu nuen, zentzu gehiago emanez”. Marrazten hasi zen eta pixkanaka koadroak egiten hasi zen ere. Hala ere, bere estilotik atera gabe. Abstraktutik gertu dagoen estiloa du Vicentek, figura errealistetatik urrun.

"Nik ez dakit nola deitu. Nire marrazki beltzak deitzen diet”. Goyaren marrazki beltzei aipamen egiten die. "Marrazki horiek ateratzen zaizkit”. Hasiera batean oinarririk ez zuenez, "marra batekin” hasten zela azaldu du Vicentek, "eta hortik tiraka beste guztia sortzen nuen”. Marrazten hasten denean, normalean ez daki zer egin behar duen. "Agian hodei baten forma gustatzen zait eta hori marrazten dut eta hortik tiraka beste figura bat sortzen dut, zerbaiten antza hartzen duen arte”.

Izaki mitologikoen marrazkien erakusketa jarri du Pikuxarren, eta iralean eta urrian izanen da Irurtzungo euskal txokoan. "Marrazten hasi nintzenean lagun batek esan zidan nire lanak gustatzen zitzaizkiola eta ea etxerako baten bat egingo ote nion. Animaliak egiteko esan zidan”. Beraz, gai bat pentsatuz lanean hasi zen. Horrela sortu zitzaion izaki mitologiak egiteko ideia ere. "Folklorea eta herriko kultura gustatzen zzaizkit eta pertsonaiak egitea pentsatu nuen”. Bere beste marrazkiekin alderatuta, "zailagoa” izan dela esan du. "Jendeak pertsonaia horien itxuraren ideia sortuta dute, eta nik nire alorrera eraman nahi nuen. Kostatu zitzaidan”. Marrekin sortutako pertsonaiak dira. "Nik uste argi ikusten direla. Hala ere, Basajaunarekin ez nintzen oso gustura gelditu. Beste forma bat bilatu behar dut”. Beldurgarriegi geratu zitzaiola uste du.

Ez da Vicentek egiten duen lehenengo erakusketa, izan ere, Irurtzungo arte tailerrak ikasturte amaieran egindako lanak erakusten ditu Pikuxarren, herriko beste tabernetan eta Atarrabian ere izan dira. Vicentek bakarrik ere beste erakusketaren bat egin du Pikuxarren: "Inauteriak asko gustatzen zaizkit ere. Nire gai nagusietako bat izan ohi da”. Argazkilaritza eta marrazketa uztartzen zituen erakusketa bat egin zuen duela urte batzuk. "Irurtzungo eta Altsasuko herri inauterien argazkiak eta marrazkiak erakutsi zituen. "Jendeari gustatu zitzaion”.

Nortasuna
Ukitu berezia ematen die, gainera, erakusketei. "Marrazki hauek txuri beltzean dira eta kartulina batean daude. Atentzioa deitzeko euskarri bat behar dute”. Izaki mitologikoak zirel kontuan hartuz, egurra erabili du marrazkiak zintzilikatzeko.

Vicentek proiektu berriak ditu martxan, arte tailerraren ikasturte berriaren hasierarekin batera. "Hobetzea edo aldatzea planteatzen dut beti”. Aurten marradun marrazki hauek egitera itzuli nahi du. "Beste fase batera pasa nahi dut”. Hortaz, marrazkiak koaderno batean egitetik, mihise batean egitera pasa nahi du. Gainera, teknika desberdinak nahastuko ditu: "Errotulagailuekin hasi eta gero akrilikoak erabili eta kolorea eman”.

Gauza berriak probatzen ditu, egiten duena gustatu arte. Irurtzungo arte tailerrak lagundu dio. "Pintura klaseetan gauza hauek egitera ausartzen naizen bakarra naiz eta irakasleak, Isa Garciak, beti esan dit gauza berriak probatzeko”. Urtero teknika desberdni bat proposatzen dio: txinatar tinta, testura berriak… "Nahiz eta bere estiloa oso errealista izatea, margo figuratiboak egiten ditu”. Baina Vicenteren estiloa "oso pertsonala” da.