Pilota

Espainiako Kluben Arteko Txapelketa: Irurtzun, txapeldunordea

Guaixe 2020ko ira. 25a, 10:52
Irurtzun klubeko hiru txapeldunordeak: Alberto Ongay, Iosu Bergera eta Retegi Bi.

Buruz Buruko finalean Espinalek (Uharte Iruñea) Retegi Bi (Irurtzun) hartu zuen mendean eta Binakakoan Ongayk eta Bergerak (Irurtzun) ezin izan zuten Pradoren eta Merinoren kontra (Najerino) garaipena lortu

Ostiraletik igandera Espainiako Kluben Arteko Pilota Txapelketako Ohorezko Mailako azken fasea jokatu da Iruñean. Irurtzun Pilota Elkarteak bi modalitateetan hartu zuen parte: Buruz Burukoan eta Binakakoan. 

Buruz Burukoan, ostiralean jokatutako finalerdietan Retegi Bik (Irurtzun) 2 joko eta 0 irabazi zion Burgosko San Cristobal taldeko Arrietari (10-2 eta 10-0). Retegi Bik ez zion aukerarik eman Arrietari. Buruz Buruko final handian Retegi Bik (Irurtzun) Espinal (Uharte Iruñea) izan zuen aurkari. Final oso estua izan zen, lehen jokoa Espinalek irabazi baitzuen (10 eta 7), eta bigarrena, aldiz, Retegi Bik (6 eta 10). Azkenean, berdinketa hausteko joko lehiatu eta borrokatuan 5 eta 4 irabazi zuen Espinalek eta, garaipen horri esker, Uharte Iruñeak Espainiako Kluben Arteko Buruz Burukoa irabazi zuen. 

Buruz Burukoarekin batera, Binakako Txapelketan lehiatu zen Irurtzun pilota kluba. Finalerdietan Ongayk eta Bergerak ordezkatu zuten Irurtzun, Uharte Iruñeko Yoldiren eta Beroizen kontra aritzeko. Finalerdi oso borrokatua izan zen, gogorra, eta Irurtzunek egin zuen aurrera. Lehen jokoan Ongayk eta Bergerak 10 eta 8 irabazi zuten, bigarrenean Yoldi eta Beroiz 9 eta 10 gailendu ziren, eta berdinketa apurtzeko 5 tantoko jokoan Ongayk eta Bergerak 5 eta 2 irabazi zuten. 

Final handian, Ongayk eta Bergerak Najerino taldeko Prado eta Merino izan zituzten aurkari. Lehen jokoan, biko errioxarra izan zen jaun eta jabe, 10 eta 1 irabazi baitzion Irurtzun klubeko bikoari. Bigarren jokoan askoz hobe aritu ziren Ongay eta Bergera, eta egoerari buelta ematekotan egon ziren, baina, azkenean, 10 eta 9 galdu zuten eta, hortaz, Najerinok lortu zuen Espainiako Kluben Arteko Binakako Txapelketa irabaztea. “Ongayk eta Bergerak ostiraleko finalerdiaren nekea nabaritu zuten finalean; ostiralekoa oso partida gogorra izan zen” aipatu du Irurtzun klubeko presidente Miguel Berazak. 

Irurtzun kluba, beraz, Espainiako Kluben Arteko txapeldunordea da Banakakoan eta Binakakoan.