Areto futbola

Osasuna Magna eta O'Parrulo Ferrol partidarako 500 sarrera jarri ditu salgai Xotak

Guaixe 2020ko ira. 28a, 12:55
Larunbateko derbia, Osasuna Magna Xotaren eta Aspil Jumpersen artekoa. Argazkia: Espainiako Areto Futbol Liga.

Abonatuek asteazkenerainoko tartea izanen dute sarrera eskakizunak egiteko, emailez. Soberan geratuz gero, salmenta orokorrerako utziko dira

COVID-19 pandemia dela eta, neurri zorrotzak hartzera behartuta daude klubak. 1. Mailako Areto Futboleko Liga urriaren 9an hasiko da, eta hain zuzen ere, egun horretan Osasuna Magna Xotak O Parrulo Ferrol taldea hartuko du Anaitasuna pabilioian, 21:00etan. Pandemia dela eta, ikusleen %30eko aforoa baimendu diote talde berdeari, eta, horrela, Tatono Arregik gidatzen duen klubak 500 sarrera jarriko ditu salgai. Bazkideen kasuan, helduek 10 euro eta 17 urte bitarteko neska mutilek 5 euro ordaindu beharko dituzte, eta bazkide ez direnen kasuan helduek 15 euro eta 17 urtera bitartekoek 10 euro. Talde berdeak oraindik ez du aurtengo bazkide kanpaina egin, hortaz aurreko denboraldian bazkideak zirenak hartuko ditu oinarri sarrerak saltzeko orduan. 

Sarrerak erosteko aukera lehenik eta behin bazkideek izango dute, irailaren 30era bitartean, hau da, asteazkenera bitartean. Sarreren eskaria posta elektroniko bidez egin beharko dute entradasxota@gmail.com postara eskaria bidaliz. Izena-abizenak, Nortasun Agiria, jaiotze data eta telefonoa bidali beharko dira. Gehienez 6 sarrera eska daitezke eta gainontzekoen izena-abizenak eta duten harremanaren berri eman beharko da, elkarrekin bizi direnak elkarrekin eseri daitezkeelako baina harremanik ez badago aulkietan espazioa utzi beharko delako. Sarrerak saltzerakoan iritsitako mezuen ordena errespetatuko da. Epe hori pasata oraindik sarrerarik gelditzen bada, publiko orokorrari zabalduko zaio salmenta. 

Halaber, ikusle guztiek testu bat sinatu beharko dute euren sarrerak jasotzerako orduan, COVID-19 neurriei dagozkionak. Bestalde, partida jarraitzeko derrigorrezkoa izango da maskarak jantzita izatea eta distantziak mantentzea. 

Osasuna Magna Xotak eta Aspil Jumpersek bosna berdindu zuten aurre denboraldiko derbian
Larunbatean Osasuna Magna Xotak aurre denboraldiko bere azken partida jokatu zuen, Aspil Jumpers Ribera de Navarra taldearen kontra. Partida Tuteran jokatu zen, ateak itxita, eta bi taldeak nor baino nor lehiatu ziren. Aspil Jumpers 4 eta 2 egon zen aurreratuta, baina 5 eta 4 gerturatzea eta, partida despeditzeko 3 minutu falta zirenean 5na berdintzea lortu zuten Imanol Arregiren mutilek.