Areto futbola

Osasuna Magna Xotak Levanteren kontra ekingo dio ligari

Guaixe 2020ko urr. 1a, 17:20
Talde berdea liga hasteko irrikaz dago.

Imanol Arregiren taldeak bihar, ostiralean, Araça eta Rafa Usin jokalari ohi berdeak fitxatu dituen Levante izango du aurkari

Asteburu honetan hasiko da Lehen Mailako Areto Futbol Txapelketaren 2020/2021 liga, eta txapelketan hasteko “oso gogotsu” daudela aitortu du Osasuna Magna Xotak. Imanol Arregi entrenatzaile irurtzundarrak bere betiko taldeari fidel izaten jarraitzen du, eta talde gazte eraberritua prestatu du denboraldi honetarako. Izan ere, joan den urteko taldetik 6 jokalari galdu ditu talde irurtzundarrak, horietatik asko Imanolen ezinbesteko jokalariak zirenak. Baina talde irurtzundarrak fitxaketa berriak egin ditu, taldeari buelta eman dio, eta ligari beti bezain lehiakor eta borrokalari ekitea da nahia. Roberto Martil eta Asier Llamas irurtzundarrak dira taldeko kapitainak eta taldea aurtengo ligan debutatzeko irrikaz dago. 

Lehendabiziko arerioa Levante du Osasuna Magna Xotak. Iaz bere taldekide ziren Araça eta Rafa Usin izanen dituzte aurkari jokalari berdeek. Partida ostiralean jokatuko da, 21:30ean (LaLigaSportsTV, GOL), eta oso lehiatua izango dela aurreikusten da. Araçak eta Rafa Usinek uste dute Imanol Arregik talde oso lehiakorra sortuko zuela. “Imanolek Xotaren ADN-a duten jokalariak fitxatzeko sekulako intuizioa du, eta ziur talde ederra egin duela. Gazteak dira gehienak, eta horrek jokalariak Xotaren estilora trebatzeko aukera ematen dio, bere garaian gurekin egin zuen bezala” azaldu du Usinek Diario de Noticias egunkarian. Araçak gaineratu du Imanol “beti irabaztera” ateratzen dela. “Jende berri asko dago Xotan, baina ziurrenik partida oso konplikatua izango da guretzat”. Zalantzarik gabe, partida berezia izango da bi taldeendako.