Bertan proiektuaren helburua da "mugaz gaindiko landa guneetako eskualdeen zahartze aktibo eta osasungarri baterako soluzio berritzaileen diseinu eta inplementazioa". Egitasmoa aurrera eramateko partzuergoa osatu dute Iparraldeko CIASekin, Centre Intercommunal d´Action Sociale Pays Basque, eta Euskadiko Agintzari gizarte ekimeneko kooperatibak, Sakanako Garapen Agentziak (SGA) eta Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak (ibarreko hiru Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateen izenean). Proiektuak 761.124 euroko aurrekontua du eta joan den urtean FEDER, Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren dirulaguntza jaso zuen.
Egitasmoa egiteko lan komunitarioa egin eta sektore anitzekoaren ikuspegia jasoko da. Beti ere, lau lan ardatzen inguruan. Aurrena, eskualde barneko eta kanpoko garraio egokitua sustatzea, eremuetako adineko pertsonen erabateko parte-hartze soziala hobetzeko. Sakanan garraio egokituko egitasmo pilotua garatuko da. Bestetik, bizileku komunitario egokituak, etxe eta bizitegi arloen arteko trantsizioak, landa-eremuetako adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko. Horren barruan, Arbizuko Olatzea hotela etxebizitza esparruko baliabide bilakatuko da. Horiekin batera, Iparraldekoek zainketa komunitarioko formulak aztertuko dituzte, zaintzailearen eta familiarentzako atseden sistemen irudia hobetzea barne (ordezkapen zerbitzua). Eta, azkenik, Euskadin detekzio eta esku-hartze goiztiarreko sistemak landuko dira, komunitatea mobilizatuz (parte-hartze aktibotik) eta teknologia sozialaren ekarpena kontuan izanik.
Zuhaitz Areitio Rementeria SGAko proiektuen kudeatzailea da eta azaldu digunez, urtearekin batera hasi ziren proiektua lantzen eta 2022ko maiatzaren 31rako despedituko dute. Asmo horri heltzen diote, baina pandemiak atzerapen batzuk eragin dizkie.
Lehen fasea
Egitasmoak hiru fase ditu. Aurrenekoa diagnosiarena da. Tarte horretan eragileak inplikatu nahi dituzte proiektuan. Haien bidez zahartze aktibo eta osasungarriaren esparruan, landa-inguruneetan beharrak aztertu eta irtenbide berritzaileak bilatzeko. Fase hori irailean despeditzekoa zen, baina jubilatu elkarteekin eta bestelakoekin aurrez aurre elkartu nahi zuten. Irailera atzeratu zituzten bilera horiek, baina pandemiak bere horretan segitzen duenez, elkarrizketak telefonoz egiten ari direla eta irailean despeditzekoa zen lana lastailean bukatuko dute.
Diagnosiaren aurreneko emaitzak aztertzeko eta partekatzeko proiektuko bazkideak Irurtzungo Dinabide eraikinean elkartu ziren herenegun. Egitasmoko bazkideez aparte bertan izan ziren: Lide Amilibia (Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordea), Beatriz Unzue (Amasa-Villavona alkatea), Pedro Mari Intxaurraga (Orozko alkatea) eta Itziar Biguri, Urduna-Orduña alkatea), Jean-Jacques Manterola (CIAS Zuzendaria), Luis Campos (Nafarroako gizarte Errealitatearen Behatokiko zuzendaria), Marina Roncal (Nafarroako Gobernuko Eskualdeen arteko eta Mugaz Gaindiko Lankidetzarako Ataleko burua) eta Eduardo Murugarren (Irurtzungo aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko burua). Proiektuaren aurkezpen ofiziala izan zen herenegungoa, berez, martxoan egitekoa zena.
Beste bi fase
Areitiok jakinarazi duenez, beste bi fase daude eta biak, erritmo desberdinean, baina dagoeneko martxan daude. Ezagutza trukeko fasearen bidez zahartze aktibo eta osasungarrirako foro iraunkorra sortuko dute, lurralde bakoitzeko eragile garrantzitsuenen artean hausnartzeko eta esperientziak trukatzeko. "Proiektua bukatu eta gero ere segitzea nahi dugu".
Soluzioen pilotajea fasean hiru lurraldeetan adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko zerbitzu berriak abian jarriko dira. Zehazki honakoa lortu nahi dute: garraio zerbitzua; bizitzeko zerbitzua (cohausing); zaintzaileak ordezteko zerbitzua eta Gizarte egoera ahuletan goiz detektatu eta esku hartzeko zerbitzua.
Proiektuko bazkide elkartuak
- Euskal Hirigune Elkargoa
- Villabonako Udala
- Nafarroako Gizarte Errealitatearen Behatokia
- Orozkoko Udala
- Zabalduz kooperatiba elkartea
- Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiken Sailburuordetza
- Urduñako Udala
- Autonom'Lab
- Syndicat des Mobilités Pays Basque-Adour (SMPBA)
- Arbizuko Udala
- Sasoiak (Irurtzungo Jubilatu eta Pentsionisten Elkartea)