Areto futbola

Nahiz eta galdu, sentsazio onekin itzuli zen Osasuna Magna Levantetik

Guaixe 2020ko urr. 5a, 07:25

Lehen Mailako Areto Futboleko Ligako 1. jardunaldian 2 eta 0 irabazi zion Levantek Osasuna Magna Xotari. Punteria falta, hori izan zen berdeen akats bakarra

Pandemiak sortutako zailtasun guztiei aurre eginez, asteburuan hasi zen Lehen Mailako Areto Futboleko Liga. Osasuna Magna Xotak bere aurrekontua gehitu eta taldea indartu duen Levante izan zuen arerio, arerio oso sendoa, egia esan, eta talde irurtzundarra punturik gabe itzuli zen bertatik. Hala ere, itxura oso ona eman zuen Imanol Arregiren talde berrituak, eta talde berdea sentsazio gozoekin itzuli zen Paternatik. Izan ere, soilik punteria falta da nafarrei egotzi ahal zaiena. Berdeek aurreko denboraldian taldekide izan zituzten Araça eta Rafa Usin izan zituzten arerio, partida oso berezian. 

Osasuna Magna Xotak hobe jokatu zuen lehen zatian. Aukera politak izan zituen talde berdeak, baina ez zuen baloia sartzen asmatu. Asier atezainak markagailua huts mantentzeko geldialdi ederrak egin zituen, baina ezin izan zuen 16. minutuan Mario Rivillosek sartutako gola geratu. Hiru minutu beranduago Rivillosek Levanteren bigarrena sartu zuen, pentaldi bikoitzean. 

Bigarren zatian Osasuna Magna Levanteren defentsa gainditzen saiatu zen behin eta berriz, baina Levanteko Fede atezainak ongi babestu zuen atea. Hain zuzen ere partidako protagonista bilakatu zen, talde berdearen erasoak bikain erantzun baitzituen. Polemikarako tartea ere egon zen, Levanteko Rivillosek eskuarekin ukitu baitzuen baloia ate ondoan zegoenean eta hori kanporaketa zuzena baita, baina arbitroek ez zuten ezer seinalatu. Partida bukatzeko 5 minuturen faltan Imanol Arregik Tony atezain-jokalari jarri zuen, baina markagailua ez zen mugitu eta hiru puntuak Paternan gelditu ziren. 

Hala ere, esandakoa, punturik gabe baina maila ederra emanda itzuli ziren irurtzundarrak Paternatik.

Ostiralean, Anaitasunan
Sailkapenean Palma Futsal da denboraldiko lehen liderra (3 puntu) eta Osasuna Magna Xota 15. postuan dago, punturik gabe. Ostiralean 2. jardunaldia jokatuko da eta talde berdeak Ferroleko O´Parrulo taldea hartuko du Anaitasuna pabilioian. Partida ikustera hurbiltzen direnak segurtasun neurri zorrotzak bete beharko dituzte: tenperatura hartuko diete, maskara jantzita izan beharko dute, segurtasun tartea zaindu eta beste.