Hydroren estrusio-prentsa handia lanean da

Guaixe 2020ko urr. 15a, 10:53
Hydroko lantegiko bulegoen eraikina.

Pieza handiagoak eta konplexuagoak egiteko aukera ematen du.

Aluminio profilak egiteko estatuko estrusio-prentsa handiena Irurtzungo Hydro lantegian dago eta berriki hasi da lanean. Proiektuak 9 hazbeteko prentsa 10 hazbetekoa bihurtzea ekarri du, eta 3.500 tonatik 4.000 tonarako indarra handitzea. Ondorioz, propietate mekaniko handiko aleazioetan geometria zorrotzagoak ateratzeko aukera du Irurtzungo Hydroko lantegiak. Aldi berean, lodiera erlatiboki baxuko soluzioak emateko gaitasuna mantendu du. 

Prentsa egokitzeaz aparte, enpresak  aluminioa birziklatzeko instalazioen egokitzapena egin du, dimentsio berrietara egokitutako lehengaiak hornitzeko, eta segurtasunaren arloko hobekuntza esanguratsuak egin ditu ere. Norvegiako multinazionalak 1,5 milioi euroko inbertsioa egin du proiektuak aurrera egiteko. Enpresatik azaldu dutenez, Irurtzungo lantegia “erreferente izan da beti Hydro taldearen barruan ikerketa, garapen eta berrikuntza (I+G+b) arloan. Dauden instalazioen eta zerbitzatzen dituen merkatuen ezaugarriengatik, Espainian proiektu honi ekiteko aukerarik egokiena izan da”.