Areto futbola

Osasuna Magna Xota berria hemen da

Guaixe 2020ko urr. 9a, 11:30

Gaur, ostirala, Osasuna Magna Xotak O'Parrulo taldea hartuko du Anaitasunan, 21:00etan. Osasun neurriengatik 749 pertsonendako tokia izanen du Anaitasunak. "Gutxienez jendea sartu ahal izango da eta hori berri ona da, ateak itxita jokatzea oso tristea delako", azaldu du Imanol Arregik

Aurreko astean hasi zen Lehen Mailako Areto Futboleko Liga eta Osasuna Magna Xotak 2 eta 0 galdu zuen Levanteren kontra, Paternan. Levante denboraldi honetarako gehien indartu den taldea da. Aldiz, taldea egiteko zailtasun gehiago izan ditu Imanol Arregik, baina badirudi Irurtzungo misterrak etorkizun handia duten jokalari gazteak erakartzeko usaimen berezi hori ez duela galdu. Izan ere, Levanteren kontra galdu, baina sentsazio onekin itzuli ziren berdeak, itxura oso ona eman zutelako. Punteria faltagatik galdu zuten, eta hori da indartu beharko dutena. 

Kapitainaren iritziz Imanolek "talde polita" egin du
Imanol eta Tatono Arregi ez ziren Levanten egon, arrazoi pertsonalengatik, arreba bat oso gaixo baitzuten, tamalez aste honetan zendu dena. Horregatik, jokalariak misterrarekin eta presidentearekin %100ean daudela nabarmendu zuen Roberto Martilek Levanteko partida bukatu bezain pronto. "Aste gogorra izan da. Jokalariak presidentearekin eta misterrarekin gaude, euren familia guztiarena eta beraiena den armarri honekin" adierazi zuen. Talde berritua da aurtengo Xotarena, aurreko urteko bajek baldintzatutakoa. "Jokalari handien bloke bat izan gara urte askotan, klub honen historia diren jokalariak, baina egoera hau iritsi beharra zegoen. Nabarmentzekoa da Imanolek talde oso polita egin duela dugun aurrekontua kontuan hartuta; ilusio handia dugu. Jakina, bidesaria ordaintzea tokatuko zaigu, akatsak izango ditugu, baina ilusioa badugu. Ildo honetan, gure taldeak norantz joko duen ez dakigu, baina nik uste dut talde honek potentziala duela, eta ea lanarekin eta ilusioarekin ea helburu politetara heltzen garen" aipatu zuen kapitain irurtzundarrak. 

Imanolek dio taldea "bide onean" dagoela
Gaur, ostirala, Osasuna Magna Xotak O´Parrulo Ferrol taldea hartuko du Anaitasuna pabilioian, 21:00etan. Pandemia dela eta, aforoa murriztu da eta 749 ikusle sartu ahalko dira gehienez Anaitasunan. "Pena da, Anaitasunan sekulako giroa egoten zelako, baina egoera zein den kontuan hartua, gutxienez ikusle batzuk sartzeko aukera dute eta hori berri ona da, ateak itxita jokatzea oso tristea delako" aipatu du Imanol Arregi entrenatzaileak. Aste gogorra bizi izan du misterrak, baina taldea entrenatzen jarraitu du. "Taldea bide onean dago; asko ari dira entrenatzen, eta gogotsu. Aurreko astean ongi jokatu genuen, baina galdu genuen. Gaurkoa etxean jokatzen dugun lehen partida da eta hiru puntuak lortzen saiatu beharra dago, horrek konfiantza emango digulako" gaineratu du Imanolek. 

Zaleek gogoz hartuko dute Anaitasunako partiden buelta eta, ziurrenik, giro bikaina eta harrera beroa eginen diete jokalariei eta baita animoz nahiko ukituta dauden arregitarrei. Xota berria bueltan da.