Areto futbola

Imanolek uste du garaipenak 'lan egiten jarraitzera' animatuko dituela jokalariak

Guaixe 2020ko urr. 12a, 12:20
Imanol Arregi eta Xotako jokalari eta teknikariak, arrebaren aldeko minutu bateko isilunean. XOTA

Imanol Arregiren taldeak 2 eta 1 irabazi zion O´Parrulo taldeari ostiralean Anaitasunan, denboraldiko lehen garaipena lortuaz. Tony Escribano lesionatu egin zen eta ezingo du El Pozoren kontrako partida jokatu

Osasuna Magna Xotak denboraldiko lehen partida jokatu zuen ostiralean etxean. 400 zale inguru bildu ziren Anaitasunan eta partida hasi baino lehen minutu bateko isilunea gorde zen aste honetan zendutako Tatono eta Imanol Arregiren arreba Maria Jesus Arregiren alde. Imanol Arregik sortutako talde berria lanean ikusteko gogo asko zituzten zaleek, eta gustura geratu ziren, lehen zatian bereziki. Izan ere, jokalari berdeek lehen zati oso ona egin zuten; O´Parrulori ez zioten ere ezer egiteko aukerarik eman. Azkar jokatu zuten, erasoan, erritmo oso altuan eta aukerak bata bestearen atzetik sortu zituzten. Bi gol sartu zituzten berdeek, Roberto Martil irurtzundarrak eta Fabinhok sartutakoak, baina askoz ere gehiago izan ahal ziren. 

Eta hain zuzen ere kontrako atean gehiago ez asmatzeaz damutu ziren nafarrak, partidaren bigarren zatian O´Parrulok gora egin baitzuen. Horrela, partida berdindu egin zen. O´Parruloko Iago Rodriguezek gola sartu zuen eta galiziarrak markagailuan gerturatzen hasi ziren. Osasuna Magnak ez zuen etsi eta Fabinho eta Dani Zurdo gola sartzekotan egon ziren, baina markagailua ez zen gehiago mugitu eta 2 eta 1 irabazita despeditu zen partida. Aipatzekoa da ere Tony Escribano lesionatu egin zela. Ezker orkatila bihurritu zuen, eta hurrengo partida galdu egingo du. Nolanahi ere, itxura oso ona eman zuen Imanol Arregiren taldeak: bide onean doa talde berria. 

Imanol Arregik arrebari eskaini zion garaipena
Imanol Arregik garaipena aste honetan zendutako bere arreba Maria Jesusi eskaini zion. "Bukaerara arte borrokalari handia izan da eta guztioi erakutsi digu bizitzeko nola borrokatu behar den” azaldu zuen, hunkituta. Partidari dagokionez, Imanolek aipatu zuen bere taldeak lehen zati ikusgarria egin zuela. "Bizirik utzi ditugu, eta hori pena izan da. Uste dut 32 aldiz iritsi garela kontrako atera, eta atera dugun errenta motza izan da” azaldu zuen. Bigarren zatian partida berdindu zela gaineratu zuen teknikariak eta taldeak "sufritzen jakin” zuela. "Garaipen honek lan egiten jarraitzera animatuko ditu mutilak, eta hortik aurrera, hobetzera” nabarmendu zuen teknikariak. 

Asteazkenean El Pozoren kontra
Sailkapen orokorrean Burela da liderra (6 puntu) eta Osasuna Magna Xota 8. postuan dago (3 puntu). Ligako 3. jardunaldiko partida asteazkenean jokatuko du Osasuna Magna Xotak El Pozo taldearen kontra, 21:00etan, Murtziako Kirol Jauregian (GOL). Ligako oilarretako bat da El Pozo, baina Osasuna Magna Xotak ez du inolako konplexurik eta dena ematera aterako da.