Areto Futbola

Puntu bat zakura

Guaixe 2020ko urr. 19a, 10:38
Irurtzundarrak aurkariaren atera gerturatu zireneko batean. Argazkia: www.lnfs.es

Irurtzundarrak sailkapenean 5. dira 7 punturekin, Levante liderrarengandik 5 puntura.

Bi garaipen segidan lortu ondoren, Osasuna Magnak ezin izan zion bolada horri segida eman larunbatean. Bina berdindu zuen Jaen taldearen kontra etxean. Partida prestatzerakoan Imanol Arregi entrenatzailea baldintza nabarmena izan zuen: Mancuso, Tony Escribano eta Wandreso jokalarien bajak eta ordezko atezain Aitor, kolpe bategatik. 

Partidari dagokionez, Osasuna Magna erasora atera zen eta parean Jaenen defentsa sendoa opatu zuen. Hala ere, berdeek pixkanaka bisitarien ate inguruan arriskua eta presioa sortzen hasi ziren eta 9. minutuan Fabinhoen gola iritsi zen, irurtzundarren arean hasitako jokaldia Fabinhok lasterraldi handi baten ondoren baloia sareratzea lortu baitzuen. Osasuna Margan ahalegindu zen markagailura lasaitasuna eramanen zuen bigarren gola lortzen. Baina ezin izan zen. Irurtzundarrak estutzen ari zirela ikusita, bisitariek hutsartea eskatu eta, ondoren, atezain aurreratuarekin presioa sortu zuten irurtzundarren ate parean. Hala ere, atsedenaldira etxekoak aurretik zirela joan ziren. 

Atsedenalditik buelta Fabinhok ez zuen ate aurrean asmatu, baina estrategia jokaldiaren bidez jaendarrek berdinketaren gola lortu zuten. Bi minutu geroago, Bynhok irrist egin eta jokalari bisitari bat aurretik eraman ondoren bigarren txartel horia ikusi eta kanporatua izan zen. Taldearen zutabeetako bat gabe, jokalari bat gutxiagorekin, horrela lortu zuen Jaenek markagailuan aurretik jartzea. Irurtzundarrek ez zuten etsi eta Fabinhok zutoinari itsatsia joan zen jaurtiketarekin berdinketa lortu zuten. Bi taldeek partida eskuratu nahi zuten: Jaenek atezaina aurreratu zuen partida irabazi asmoz eta Imanol Arregik Juninho atezain-jokalari gisa atera zuen. Bi gol aukera izan zituzten, baina markagailua ez zen gehiago mugituko eta binako berdinketarekin bukatu zen. 

Balorazioa
Irurtzundarren entrenatzaile Arregik partida akaberan “gehiago merezi izanaren” sentipenarekin bukatu zuen. Prestatzaileak adierazi zuenez, “partida oso ona jokatu dugu, baina ezin izan dugu irabazi. Berdinketak boladari eustea laguntzen digu, galdu gabe segitzea eta, atzera ere, sentipen onak izanik”. 

Hurrengo jardunaldia bihar dute irurtzundarrek, Betisen zelaian jokatu beharko dute, bihar, 21:00etan. Sevillarrak sailkapenean azken aurrekoak dira eta jokatu dituzten bi partidak galdu egin dituzte.