Areto Futbola

Osasuna Margak ez du aurkari xamurrik

Guaixe 2020ko urr. 23a, 12:05
Imanol Arregi jokalariei azalpenak ematen. Argazkia: www.lnfs.es

Gaur, 21:00etan, Anaitasuna kiroldegian Burela taldea hartuko du. 

Osasuna Magnak 6. jardunaldia mustuko du gaur Lugoko A Mariñako Burela taldearen kontra jokatzeko. Irurtzundarrak gol bateko aldeagatik galdu zuten asteartean Betisen kontra. Hura ahaztu eta Imanol Arregiren taldeak puntuak hirunaka pilatzeko asmoz zelairatuko da Anaitasunako pistara. Orain arte berdeek garaipen bat eta berdinketa bat lortu dituzte etxean. Eta puntuak lortzeko bidean astearteko partidako lehen zatiko akatsak ez errepikatzea eta bere jokoan sakontzea, hori da Xotak egin beharko duena. Osasuna Magna sailkapenean bosgarren da 7 punturekin, Levante liderrarengandik 8 puntura dago. 

Burela talde bisitaria sailkapenean 7. dira sei punturekin. Etxean bosna berdindu zuten azken partidan, beraz, Xotaren kontura puntuak pilatu nahiko dute. Orain arte etxetik kanpo galiziarrek garaipen bat eta porrot bat dituzte. Hiru partida daramaten ezin garaipena lortu. Baina Xotari egindako azken bisitak ez dira onak izan galiziarrentzat, azken urteetan ez baitute garaipenik lortu berdeen kontra: Xotak Burela lautan irabazi eta behin berdintzea lortu du. Ea gaurkoan zer gertatzen den. 

Imanol Arregik min hartuta ditu Tony, Aitor eta Dani Zurdo. Azken horrek atzoko entrenamenduan min hartu zuen, ezker hankako kuadrizepsean mina sentitu zuen. Aurreneko bien ordez deialdian Ion eta Aitor sartu ditu Arregik. Zaleek ezin izanen dute neurketan presente egon eta telebista bidez ikusi beharko dute partida.