Areto Futbola

Uzta hobea jaso beharraren sentipena

Guaixe 2020ko urr. 26a, 12:11
Xotako Fabinho baloiarekin. Argazkia: lnfs.es.

Osasuna Magnak hiruna berdindu zuen Burelarekin Anaitasuna kiroldegian ostiralean.

Seigarren jardunaldiko partidan Osasuna Magna ongi sartu zen partidan. Irurtzundarrak Burelaren zelaian presioa ongi egin zuen eta hala etorri ziren aukerak. Bisitarien ate aurrean agertu ziren Wandersonen aukera on batekin, baina atezain bisitariak baloia aldaratu zuen. Galiziarren erantzuna berehala iritsi zen David Pazosen jaurtiketa batekin. Imanol Arregik jokalarien lehen txandaketa egin zuen eta aldaketak eragina izan zuen. Lehenengo, Fabinho lehen gola egiteko gertu egon zen, baina zutoina urratuz joan zen. Beste lau aukera garbi izan zituen partida hasieran. 6. minutuan, Mancusok Roberto Martili eman zion baloia eta irurtzundarren kapitainak bikain erabaki zuen,  markagailuan 1-0koa jarriz. 

Hasierako golaren ondoren,  Arregiren mutilek partidaren erritmoari eutsi zioten eta partida etxekoen setio bihurtu zen. Hala ere, 9. minutuan, bisitariek, falta zuzen baten ondoren, berdinketa jarri zuten markagailuan. 17. minutuan, Juninhok berriro aurreratu du talde berdea, baina atsedenaldiaren atarian, bisitariek binako berdinketa lortu zuten eta horrela joan ziren aldageletara.  

Bigarren zatia hasi eta berehala, bisitariek joko maila handitu zuten eta sarriago hurbildu ziren irurtzundarren atera. Erreplikan, Irurtzungo taldeak bi aukera handi izan zituen markagailuan abantaila hartzeko. Lehenik Zesarrek, atezain bisitariak eten zuen jaurtiketa batekin, eta, ondoren, Bynhok, aldaratze batean, ezin izan zuen definitu. Arregiren taldea Burelaren atera hurbiltzen hasi zenean, bisitariek kontraerasoan egindako lapurreta batean, markagailua irauli eta 2-3koa jarri zuten 26. minutuan.

Osasuna Magna Xotak ez zuen norgehiagoka berdintzeko borrokan etsi. Cesarrek jokaldi bikaina egin zuen, baina bere jaurtiketa bisitarien atezainak gelditu du. 30. minutuan, hegaleko sake baten ondorioz, Cesarrek etxekoen hirugarren gola egin zuen, markagailura hirunako berdinketa igoaraziz. Burelak aukera paregabea izan zuen partida erabakitzeko jaurtiketa batekin. Azken minutuetan berdeak atezain-jokalariarekin aritu ziren. 36. minutuan, Arregiren mutilek aukera hirukoitza izan dute etxekoen laugarren gola igotzeko, baina baloia ez da sartu eta hirunako berdinketarekin despeditu zen neurketa. 

Adierazpenak 
Partidaren ondoren irurtzundarren prestatzailea sentipen txarrekin joan zen etxera. “Atezain-jokalariarekin aritu garenean lau gol aukera garbi izan ditugu partida irabazteko. Haien aurreneko bi golak gure akatsak dira. Aurrena, atzera ere, izan ez zen falta baten ondorioz”. Arregik gaineratu zuenez, “aurkariak gutxi behar izan du gola egiteko. Guk, berriz, huts egin ezin diren gola aukerak alferrik galdu ditugu. Markagailuan aurreratu eta oso gutxirekin berdindu egiten gaituzte. Partidan zehar kale egin ezin diren gol aukerak izan ditugu”. 

Arregik bi taldeen plantillak ere alderatu zituen: “Burelak Lehen Mailako jokalariak fitxatu ditu eta gu, berriz, Bigarren B mailako lau eta 20 urtez azpiko bat fitxatu ditugu. Hori ere ezin da ahaztu. Bestela, taldeak partida ona jokatu du, baina sekula oparitu ezin daitezkeen bi gol eman dizkiegu”. 

Sailkapena 
Sei jardunaldiren ondoren Osasuna Magna Xota sailkapenean zazpigarrena da 8 punturekin. Liderra Levante da, 15 punturekin. Asteburuan irurtzundarrak Antequeraren zelaian jokatuko dute. Andaluziarrak sailkapenean 16. dira eta sei partidatan 4 puntu pilatu dituzte.