Gau beltzarekin hitzordua

Guaixe 2020ko urr. 30a, 12:45
Joan den urteko Ibilaldi Beltzako une bat.

Larunbatean 17:00etan, 18:30ean eta 20:00etan, kultur etxean ipuin kontaketa izanen da Pikuxar euskal txokoak antolatuta. Sarrerak, 2 eurotan, plazako estalopean eskuratu daitezke gaur, 18:00etatik 19:00etara.

Negu garaiko festen zikloko aurreneko ospakizunetako bat zen Gau Beltza, Domu Santu egunaren bezperan egiten zena. Arbiak hustu, aurpegi itxura emateko zuloak egin, kandelatxoa barruan jarri eta jendea beldurtzeko erabiltzen zuten. Aiton-amonek bizitakoa ez da guregana iritsi. Bai, ordea, hedabideen indarrez Halloween ospakizuna, gurean gero eta haur gehiagok ospatzen dutena gozoki bilketa eginez. 

Horretaz jabetuta, Pikuxa euskal txokoak duela lau urte Gau Beltzaren berri emateko jarduerak antolatzen hasi zen lastailaren 30ean. Joan den urtean 250 bat pertsona elkartu zituen Ibilaldi Beltza egin zuten herriko basoan barna. Jende gehiagok parte hartu nahi izan zuen, baina ikuskizunak ez zuen gehiagorako ematen. Parte-hartzaileak ibilbidean zehar Orritz-Iskidiko pertsonaiak, kontalariak eta bestelako “sustoak” opatu zituzten. 

Plan aldaketa
Pikuxarreko Txape Iriartek azaldu duenez, “aurtengorako dena prest zegoen. Ion Barbarin, Izaskun Mujika, Igor Lanz, Yurena Perez eta Lorena Arangoa aktoreekin hitz egina zegoen, haiek ibilaldian zehar aritzeko. Baina pandemiagatik bertan behera utzi behar izan dugu”. Eta duela bi urteko plana berreskuratu dute: ipuin kontaketa saioa egitea. Aipatutako aktoreetatik aurreneko hirurak izanen dira horren ardura dutenak. Kultur etxeko aretoa misterio kutsuz apainduko dute eta mitologia pertsonaiaren batek ere agerraldia egin dezake. Osasun gomendioei jarraituz, emanaldi bakoitzean 40 pertsona besterik ezin izanen dira egon. 

Kontalariek aurreratu dutenez, “duela urte asko eta asko, Euskal Herriko baserri zahar batean amona bat eta bere hiru bilobak bizi ziren... Horrela hasten da inork, inoiz kontatu gabeko historia. Beldurra eta misterioa, irribarrea eta jolasa, gaua eta bere izpia eta, nola ez, sustoren bat edo beste gordetzen duen istorioa. Gau beltza ospatzeko aukera paregabea”.