Areto futbola

Osasuna Magnak bi puntu oparitu zizkion Antequerari

Guaixe 2020ko aza. 2a, 13:20

Imanol Arregiren mutilak 1 eta 4 aurreratu ziren, baina bigarren zatian launa berdindu zuen Antequerak

Osasuna Magna Xotak garaipena eskutan izan zuen Antequeran, atsedenaldira aldeko 1 eta 4ko markagailuarekin joan baitzen, baina bigarren zatian abantaila alferrik galtzen utzi zuten irurtzundarrek eta launa berdintzea lortu zuen Antequerak. 

Antequerak indartsu hasi zuen partida, baloiaren kontrola hartuz eta talde irurtzundarra estutzen saiatuz. Baina kontraerasoan oso fin ibili ziren Imanol Arregiren mutilak eta bigarren minuturako Mancusok hasi eta Wandersonek borobildutako jokaldian aurreratzea lortu zuten berdeek. Handik gutxira, Mancusok bigarrena sartu zuen, erremate indartsu bati esker, eta Wandersonek hirugarren gola egin zuen, 8. minutuan. Andaluziarrek partida gelditu zuten, egoerari konponbidea eman nahian. Antequerak markagailua mustutzea lortu zuen Nando Torresek sartutako golari esker, eta beste talde andaluziarrak beste aukera batzuk sortu zituen, Osasuna Magnako atezain Asierrek bikain gelditu zituenak. Beste kontraeraso bat ederki probestuz, Linharesek Osasuna Magna Xotaren laugarren gola sartu zuen eta hiru goleko abantailarekin, 1 eta 4 aurreratuta, atsedenaldira iritsi ziren bi taldeak. 

Bigarren zatian Imanol Arregiren mutilak ez ziren horren fin ibili kontraerasoan. Wandersonek eta Linharesek aukera ederrak izan zituzten, baina ez zuten asmatu eta gutxika talde irurtzundarra indarra galtzen hasi zen, behetik gora egin zuen Antequeraren aurrean. Antequera Asierren atean asmatzen hasi zen eta partida bukatzeko 2 minuturen faltan, launa berdintzea lortu zuen talde andaluziarrak. 

Imanol Arregi: “Ez dugu ongi defendatu”
Puntu banaketarekin despeditu zen partida, baina Imanol Arregi ez zegoen batere pozik. Entrenatzaile irurtzundarrendako berdinketak porrotaren zaporea zuen, bere taldeak garaipena eskutan izan zuelako. “Bi puntu oparitu ditugu, argi eta garbi. Azken txanpan gaizki defendatu dugu, atezain-jokalari formula gaizki atera zaigu, eta bi puntu zaborretara bota ditugu” nabarmendu zuen teknikariak. “Normalean ongi defendatzen dugu, baina gaur ez dugu ongi defendatu eta hori da gertatu zaiguna” berretsi zuen. 

Irurtzundarrek Barça hartuko dute hurrengo asteazkenean
Lehen mailako sailkapenean Levante da liderra (15 puntu) eta Osasuna Magna Xota 8. postuan dago (9 puntu). Asteburu honetan ez da partidarik jokatuko. Lehen mailako hurrengo jardunaldia, 8. jardunaldia, azaroaren 11n jokatuko da, hurrengo asteko asteazkenean. Osasunak Barça hartuko du, 17:30ean, Anaitasuna pabilioian. Barça ligako oilarretako bat da baina aurten ez du liga hasiera ona izan eta sailkapenean 17. postuan dago, azken aurrekoa da, eta, hortaz, lehenbailehen puntuak pilatzen hasi nahiko du talde kataluniarrak. Baina Imanol Arregiren mutilek ere helburu bera dute eta oso partida lehiatua espero da.