Pilota

Irurtzunek jokatu beharreko EHko Kluben Arteko Txapelketako finala udaberrira atzeratzea erabaki du Pilotabizik

Guaixe 2020ko aza. 11a, 08:05
Irurtzun pilota klubeko pilotariak joan den urteko Euskal Herriko Kluben Arteko Txapelketan.

Atzo Irurtzunek txapelketa handiko finala jokatu beharra zuen urriaren 25eko finalerdiko irabazlearen kontra, Ultzamako Buruzgainen edo Lemoaren kontra, baina pandemiagatik mugak itxita daudenez, txapelketa 2021eko udaberrira atzeratzea erabaki du Pilotabizik

Euskal Herriko Kluben Arteko Pilota Txapelketako azken txanpa zen jokatzekoa egunotan. Irurtzun pilota kluba zen finalistetako bat, finalerdietan Oberena bidean utzi eta gero. Beste finalerdia urriaren 25ean zuten jokatzekoa Ultzamako Buruzgainek eta Lemoak, baina pandemiaren okertzeak neurriak gogortu eta herrialdeen arteko mugak istea ekarri zuenez, finalerdia bertan behera utzi behar izan zuen antolakuntzak, Pilotabizi Pilotazaleen Elkarteak. Finala igandean, azaroaren 8an jokatzea aurreikusten zen, baina egoerak epe motzeko konponbidea ez duela ikusita, 2020ko Euskal Herriko Kluben Arteko Pilota Txapelketa 2021eko udaberrira atzeratzea erabaki du Pilotabizik.

“Egoera nahasia da, taldeek ezin dute euren herrialdeetatik atera eta guk partaide guztiek irabazitako bere maila defendatzeko duten eskubidea lehenesten dugu. Horregatik, 2020ko VI. edizio hau kondizio egokiagoetan bukatzeko esperantzan, txapelketa 2021eko bukaerara atzeratzea erabaki dugu, eta pilotazale guztiok osasuna beste edozein gauzaren aurretik jartzera animatzen zaituztegu, garai hobeak etorriko direlako” azaldu du Pilotabizi Elkarteak, prentsa ohar bidez. 

Pilota klubek bizi duten egoera zaila dela jakitun, lau talde finalistei gehienez irabazi zezaketen diru kopuru handiena ematea erabaki du Pilotabizi Pilotazaleen elkarteak. “VI. edizioa bukatzen denean diru kopuruak egunean jarri eta erregularizatuko ditugu, norberak azken sailkapenean lortutako postuaren arabera, baina hauek dira lau klubei orain emango zaizkien sariak: Oberenari 1.200 euro, Buruzgaini 1.200 euro, Lemoari 1.200 euro eta Irurtzuni 2.500 euro” zehaztu du Pilotabizik. 

Hortaz, udaberrira arte itxaron beharko du Irurtzunek, Euskal Herriko Kluben Arteko Txapelketako finala noren kontra jokatuko duen jakin eta finala jokatzeko.