Areto futbola

Osasuna Magna Xotak Barça hartuko du gaur Anaitasunan

Guaixe 2020ko aza. 11a, 12:00

Partida 17:30ean hasiko da eta ESPORT 3 eta LaLigaSport Tv kateen bidez ikusi ahalko da

Areto Futboleko 1. mailako 8. jardunaldia jokatuko da gaur, asteazkena. Osasuna Magna Xotak Barça hartuko du gaur, Anaitasunan, 17:30ean hasiko den partidan, eta, beraz, areto futbol partida bikaina da zaleek gaurko espero dutena. 

Talde berdea 1. mailako areto futbol ligako sailkapen orokorreko 8. postuan dago (9 puntu) eta Barça, nahiz eta ligako oilarretako bat izan, ez du liga ongi hasi. Sailkapenean 17. postuan dago Bartzelonako taldea, azken aurrekoa da, eta, hortaz, lehenbailehen puntuak pilatzen hasi nahi du talde kataluniarrak. Baina Imanol Arregiren mutilek ere helburu bera dute eta oso partida lehiatua espero da. 

Partida ateak itxita jokatuko da, pandemiaren aurrean hartutako neurriei jarraiki, eta zuzenean jarraitu ahal izango da ESPORT3 eta LaLigaSport Tv telebista kateen bidez.