Areto futbola

Imanol Arregi: "Guk galdu dugu partida"

Guaixe 2020ko aza. 12a, 14:43

Imanol Arregiren taldeak 2 eta 4 galdu zuen atzo Anaitasunan Barça taldearen kontra. Larunbatean Peñiscola izango du aurkari

Atzo 1. Mailako Areto Futboleko 8. jardunaldia jokatu zen. Osasuna Magna Xotak Barça hartu zuen Anaitasunan. Ligako oilarretako bat da Barça, baina aurten ez du liga hasiera ona izan eta garaipena zer den ezagutu gabe iritsi zen Iruñeara. Eta talde berdearendako zoritxarrez, hiru puntuak eskuratuta itzuli zen Barça Bartzelonara. 

Partidari hobe ekin zion Osasuna Magna Xotak, eta berdeek ederki estutu zuten Barça. Baina kataluniarrak izan ziren markagailua mustu zutenak, 7. minutuan Esquerdinhak sartutako golari esker. Talde nafarrak partida berdintzeko aukerak izan zituen, baina kontrako atean ezin asmatu ibili ziren Imanol Arregiren mutilak partida guztian barna. Aldiz, Barçak ongi aprobetxatu zituen Osasuna Magnaren akatsak eta bigarren gola sartu zuten. 

Bigarren zatian hobera egin zuten Imanol Arregiren mutilek, defentsan bereziki. Asier atezainak ongi zaindu zuen atea, eta ongi eutsi zien Barçako erasoei. Aldiz, erasoan ez ziren fin ibili jokalari nafarrak. Horrela, Barçak hirugarren gola sartu zuen, eta Imanol Arregik atezain-jokalari formularen alde egin zuen. Guztia galdua zegoela zirudienean Mancusok Osasuna Magnaren aldeko bi gol sartu zituen minutu bateko tartean eta markagailuan 3 eta 2 gerturatu ziren berdeak. Partida estu zegoen eta Barça urduritzen hasi zen. Arbitroen erabakiek Imanol Arregi bere onetik atera zuten eta azken minutuan arbitroak aldageletara bidali teknikari irurtzundarra, ateko sake batengatik protestatu eta gero, eta Barçak laugarren gola sartu zuen azken minutuan. 

Imanol Arregiren ustez “guk galdu dugu partida”
Imanol Arregi oso haserre zegoen partida bukaeran, arbitroen erabakiak direla eta. Hala ere, partida eurek galdu zutela oso argi zuen, defentsan eta erasoan egindako akatsengatik. “Arbitrajea alde batera utzita, guk galdu dugu partida. Lehen zatian bi akatsa puntualen ondoren jaso ditugu golak; bestalde, partida guztian barna gola sartzeko makina bat aukera izan ditugu eta ez dugu atean asmatu, eta Barça bezalako talde baten kontra ezin duzu hori egin, partida galtzen duzulako” nabarmendu zuen teknikariak. 

Levantek jarraitzen du 1. mailako lider (18 puntu) eta Osasuna Magna Xota 8. tokian dago (9 puntu). Larunbatean 13 punturekin sailkapenean 3. postuan dagoen Peñiscola izango du aurkari talde berdeak, 18:00etan, Peñiscolako pabilioian.