Areto futbola

Urre zaporea duen garaipena lortu du Osasuna Magna Xotak

Guaixe 2020ko aza. 16a, 10:13
Jokalari berdeak garaipena ospatzen. Argazkia: LNFS.

Peñiscolari 1 eta 5 irabazi zion Imanol Arregiren taldeak, partida bikainean. Sailkapeneko laugarren postura igo dira berdeak eta bihar Palma Futsal hartuko dute, Anaitasunan (20:00)

Osasuna Magna Xotak merezitako garaipena lortu zuen larunbatean Peñiscolan, Peñiscolari 1 eta 5 irabazi eta gero. Azkeneko partidetan talde berdea kontrako atean ezin asmatu eta defentsan akatsekin ibili zen, baina larunbatean partida borobila egin zuten Imanol Arregiren mutilek eta 1 eta 5 irabazi zuten, animoa altxatzeko bikain etorri zaien partidan. 

Merezita irabazi zuen talde berdeak. Lehen zatian ikusgarri aritu ziren nafarrak; hasieratik Peñiscola estutu zuten eta gol aukera ederrak sortu zituzten. Fabinho, Martilek eta Bynhok sartutako golei esker, 0 eta 3 irabaziz joan ziren aldageletara nafarrak. Bigarren zatian defentsa lan oso sendoa egin zuten berdeek, eta Asier atezain irurtzundarraren lana azpimarratzekoa izan zen, modu ezin hobean zaindu baitzuen atea. Peñiscolak gola sartu zuen, baina Cesarrek eta Linharesek berdeen markagailua osatu zuten eta, azkenean, 1 eta 5 irabazita itzuli ziren nafarrak Peñiscolatik. 

Imanol Arregi entrenatzailea oso pozik zegoen. “Partida ona egin dugu. Lehen zatia ikusgarria izan da. Aurreko partidekin alderatuta, gaur izan ditugun lehendabiziko aukeretan asmatu dugu eta horrek konfiantza handia eman digu. Bigarren zatian gehiago kosta izan zaigu euren atera hurbiltzea, asko estutu gaituzte, baina ongi eutsi dugu arerio sendo baten kontra. Garaipen hau denena da, eta konfiantza asko emango digu datozen partidetarako” nabarmendu zuen Imanolek. 

Bihar, asteartea, Palma Futsalen kontra
1. mailako areto futboleko ligan Levantek jarraitzen du lider (21 puntu) eta Osasuna Magna Xota 4. postura igo da (12 puntu). Hurrengo jardunaldia bihar, asteartean jokatuko du Osasuna Magna Xotak. Sailkapenean 18 punturekin bigarrena den Palma Futsal taldea hartuko du, Anaitasunan, 20:00etan hasiko den partidan. Partida zuzenean eskainiko du LaLigaSportsTV kateak.

Hurrengo jardunaldia asteburuan jokatuko da eta larunbatean, azaroak 21, egun sailkapenean 11 punturekin 6. dagoen Cartagena FS taldearen kontra lehiatuko da Osasuna Magna Xota.