Areto futbola

Berriro ere atean ezin asmatu

Guaixe 2020ko aza. 18a, 12:00

Osasuna Magna Xotak 1 eta 2 galdu zuen Palma Futsalen kontra

Atzo 1. mailako areto futboleko 10. jardunaldia jokatu zuen Osasuna Magna Xotak. Talde nafarrak sailkapenean 2. postuan dagoen Palma Futsal taldea hartu zuen. Asteburuan Peñiscola taldearen kontra irabaztetik zetorren talde irurtzundarra, defentsan sendo eta erasoan fin aritu eta gero, baina atzo Palma Futsalen kontra betiko akatsetan erori ziren jokalari berdeak eta ezin izan zituzten jokoan zeuden 3 puntuak lortu. 

Palma Futsal Osasuna Magna estutzen hasi zen hasieratik, baina Imanol Arregiren mutilek ongi erantzun zuten, defentsa sendoa erakutsiz. Mancusok gola sartu zuen, eta 1 eta 0 aurreratu zen talde irurtzundarra. Baina gutxi iraun zuen pozak, Raul Camposek Asierrek defendatzen zuen atea zulatu eta Palma Futsalek berdintzea lortu baitzuen. 

Bigarren zatian erasora pasa ziren bi taldeak. Biek gol aukera ederrak sortu zituzten. Osasuna Magna Xota behin eta berriz saiatu zen, baina baloiak ez zuen sartu nahi. Corner baten ondoko jaurtiketari esker Marlonek Palma Futsalen bigarrena sartu zuen, eta markagailuan aurreratu ziren. Talde berdeak ahaleginean jarraitu zuen, baina berriro ere punteria falta izan zuten Imanolen gizonek eta baloia ez zen kontrako atean sartu. 

Imanol: “Berdinketako partida izan da”
Imanol Arregik adierazi zuen atzokoa “berdinketarekin bukatzeko moduko partida” izan zela. “Oso partida berdindua izan da. Eurek estrategiako jokaldi batean gola egiteko aukera izan dute, eta guk ez. Gola sartzeko nahikoa aukera izan ditugu, baina beste behin, ez dugu punteria alde izan” nabarmendu zuen teknikariak.

Gaur 1. Mailako Areto Futboleko Ligako 10. jardunaldiko beste hiru partida jokatuko dira. Momentuz, sailkapenean Levantek jarraitzen du lider (21 puntu), Palma Futsalekin puntutara berdinduta. Osasuna Magna 6. postuan dago, 12 punturekin. Larunbatean, egun sailkapenean 3. postuan dagoen Jimbee Cartagena izango du aurkari talde irurtzundarrak.