Larrialdietarako laguntzak zabaltzea erabaki du Udalak

Guaixe 2020ko aza. 19a, 09:18
Jendea Irurtzungo plazan. Argazkia: Artxiboa.

Orain arteko 8.500 euroei beste 4.000 euro gehituko zaizkie, azaro eta abenduko beharrak osatzeko

Irurtzungo Udalak, Irurtzungo Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko arduradunekin bildu ondoren eta pandemiak sortutako egoera larria zela ikusita, ekainaren 12an 8.500 euroko diru partida bat larrialdietarako bideratzea erabaki zuen, familia askok bizi duten egoera zailari arnasa emateko. 

Udaletik azaldu dutenez, “errealitatea gordina da eta urriaren hasierarako partida osoa inbertitu da”. Horrela, onartutako oinarriei jarraituz eta Gizarte Zerbitzuetako arduradunek gainbegiratu ondoren, 42 ordainketa egin zaizkie 21 familiari. Ordainketa hauek oinarrizko beharrak asetzeko dira, hala nola etxebizitzarako eskubidea edo elikadura bera. Ikusita larrialdi egoerak bere horretan jarraitzen duela, Irurtzungo Udalak diru partida zabaltzea erabaki du, azaroko eta abenduko beharrak osatzeko. Horrela, 4.000 euroko partida zehaztu dute bi hilabete horietarako. 

Irurtzungo Udalak gaineratu du 2021eko aurrekontuen proposamenean larrialdietarako laguntzetarako partida ere jasoko dela, baina zenbatekoa zehazteke dagoela.