Areto futbola

Hiru akatsengatik punturik gabe

Guaixe 2020ko aza. 23a, 10:40

Osasuna Magna Xotak 5 eta 3 galdu zuen Jimbee Cartagenaren kontra, hiru akats puntualengatik. Bihar, asteartean, Errege Kopako final hamaseirenetan Aspil Ribera de Navarra izango du aurkari talde berdeak

Osasuna Magna Xotak partida ona jokatu zuen larunbatean Jimbee Cartagenaren kontra, baina Murtziatik punturik gabe itzuli zen talde berdea. Izan ere, hiru akats puntualengatik jarri zitzaion kontra partida eta hiru akats horiengatik galdu zuten jokalari nafarrek. 

Partida ongi hasi zuten Imanol Arregiren mutilek. Mancusok bosgarren minuturako berdeak aurreratu zituen, baina handik gutxira Cartagenak bana berdindu zuen. Cartagenak gogor estutu zuen talde nafarra, baina Asierrek ongi zaindu zuen atea eta defentsan ongi aritu ziren Imanol Arregirenak. Bigarren zatia hasi eta berehala, atzera ere aurrea hartu zuen talde nafarrak, 1 eta 2, Linharesek sartutako golari esker. Baina gutxi iraun zuen pozak, tarte oso laburrean Cartagenako Solanok bi gol sartu eta partida guztiz irauli zuelako. Hala ere, Osasuna Magnak ez zuen etsi eta hirugarren gola sartu zuen, baina, tamalez, Cartagenak talde berdearen erremontada aukera guztiak zapuztu zituen bosgarren gola sartu zuenean. 5 eta 3 galduta itzuli ziren nafarrak Murtziatik. 

Imanol Arregi entrenatzaileak bere jokalariak egindako lanarekin kontentu zegoen, baina “zorigaiztoko hiru akatsengatik garaipenak ihes egin zielako” penatuta zegoen. “Uste dut partida ona egin dugula, baina hiru akats egin ditugu bukaeran, oso garesti ordaindu ditugunak. Izan ere, Cartagenako azken hiru golak gure hiru akatsengatik etorri dira” nabarmendu zuen.

Bihar Aspil Ribera de Navarra aurkari Errege Kopan
1. mailako sailkapenean Levantek jarraitzen du lider (22 puntu) eta Osasuna Magna Xota 9. postura jaitsi da (12 puntu). Larunbatean Osasuna Magna Xotak 8 punturekin sailkapenean 14. postuan dagoen Cordoba Patrimonio taldea hartuko du. Baina aurretik, bihar, asteartea, Errege Kopako partida jokatuko du talde berdeak hain zuzen ere Tuterako Aspil Jumpers Ribera Navarra taldearen kontra, 18:30ean. Beraz, derbiarekin hasiko du Errege Kopa talde irurtzundarrak.