Areto futbola

Imanolek dio garaipenak "konfiantza" eman diela

Guaixe 2020ko aza. 25a, 10:30

Errege Kopako final zortzirenetan dago Osasuna Magna, Aspil-Jumpers Ribera Navarra taldearen kontra garaipen sendoa lortu eta gero (2 eta 6)

Atzo Areto Futboleko Errege Kopa txapelketa hasi zen, final hamaseirenekin. Osasuna Magna Xotak eta Aspil-Jumpers Ribera Navarrak derbi nafarrarekin ekin zioten Kopari, eta derbiak izan ohi diren bezala, Tuteran jokatutako partida oso borrokatua izan zen azken uneraino. Soilik talde batek egin ahal zuen Kopan aurrera eta Osasuna Magna Xota izan zen talde hori. 

Hasieran partida kontra jarri zitzaien Imanol Arregiren mutilei, Javi Minguezek talde tuterarra aurreratu zuenean. Baina talde berdea egoerari buelta emateko gai izan zen. Berehala erasoan hasi ziren Imanolenak, baina punteria falta izan zuten hasieran. Jokaldiak sortzen zituzten, baina ez zituzten borobiltzen. Hala ere, ez uzten etsi, eta minutu batean bi gol sartu zituzten berdeek. 19. minutuan Mancusok Gus atezainaren aurrean ez zuen barkatu, eta 20. minutuan Mancusok ateratako falta Fabinho kolpatu zuen eta baloia talde tuterarraren atean sartu zen. Gol bateko abantailarekin atsedenaldira joan ziren Xotakoak. 

Bigarren zatian Aspil-Jumpers bere jokoa egiten saiatu zen, baina Osasuna Magnak ez zion utzi. Tuterako taldea partida berdintzera joan zen, bihotzarekin buruarekin baino gehiago, baina zoramen horretan Osasuna Magnako Bynho izan zen gola sartzea lortu zuena. Tuterarrek ongi erantzun zuten eta 2 eta 3 gerturatu ziren markagailuan. Partidak oso borrokatua jarraitzen zuen izaten, eta erasoaren apustua eginez, Cone atezain-jokalari jarri zuen Aspil-Jumpersek. Baina estrategia gaizki atera zitzaien, Bynhok beste bi gol eta Wandersonek beste bat sartu eta gero Osasuna Magna Xotak 2 eta 6 irabazi baitzuen. 

Atzoko garaipenaren ondoren, Errege Kopako final zortzirenetarako sailkatu da talde berdea. Pozik zegoen Imanol Arregik, "garaipenak konfiantza" eman dielako. Nahiz eta 2 eta 6 irabazi, taldeari gola egitea kosta zaiola nabarmendu zuen teknikari irurtzundarrak. "Hori argi ikusi da lehen zatian. Lau buruz buruko izan ditugu eta ez dugu ongi erantzun. Gola egitea kosta zaigu, baina iritsiko da. Garrantzitsuena gol aukerak sortzea da, eta sortzen ditugu" adierazi zuen. Garaipena oso garrantzitsua da larunbatean ligan Cordoba Patrimonio taldearen kontra kantxara animoekin ateratzeko. "Konfiantza emango digu, eta beharra badugu" azaldu zuen Imanolek. 

Cordoba, hurrengo arerioa
Larunbatean ligako partida jokatuko du talde irurtzundarrak Cordoba Patrimonio taldearen kontra. Partida zaila izango dela aitortu du Bynho jokalariak, eta "irabaztea eta aurrera egitea" garrantzitsua izango dela. Areto Futboleko 1. mailako ligan Levante da liderra (22 puntu), Osasuna Magna Xota 9. postuan dago (12 puntu) eta Cordoba Patrimonio 14. postuan (9 puntu).