Areto futbola

Osasuna Magna Xota, gora begira

Guaixe 2020ko aza. 30a, 11:20

Imanol Arregiren taldeak garaipen garrantzitsua lortu zuen ostiralean Cordoba Futsal taldearen kontra 3 eta 2 irabazi eta gero, eta 1. mailako sailkapeneko 6. postura igo da

Osasuna Magna Xotak partida oso garrantzitsua izan zuen ostiralean, etxean, Cordoba Patrimonio Futsal taldearen kontra. Bi taldeak sailkapenean gora egiteko irabazi beharrean zeuden, eta Imanol Arregiren mutilak izan ziren jokoan zeuden 3 puntu gozoak saskira bildu zituztenak. 

Anaitasunan jokatu zen partida, ostiralean, publikorik gabe. Asteartean Errege Kopako final hamaseirena irabaztetik zetorren Osasuna Magna Xota, eta garaipen horrek Cordobaren kontra aritzeko beharrezkoa zuten konfiantza eman zien jokalari berdeei. Izan ere konfiantza behar izan zuten, Cordoba aurreratu baitzen, falta baten ondoren Cesarrek ate propioan sartutako golari esker. Baina talde berdeak ez zuen etsi eta berdinketa lortzeko lanean hasi ziren Imanol Arregiren mutilak. Gol aukerak sortu zituzten, baina aurtengo gurutzea sufritu zuten: punteria falta. Baloia ez zen kontrako atean sartzen, inondik inora. Aldiz, Cordobak bigarrena sartu zuen. Atsedenaldirako 15 segundoren faltan Wandersonen falta jaurtiketak Cordobaren ate barruan bukatu zuen eta Xota markagailuan 1 ea 2 gerturatu zen. 

Bigarren zatian erasora atera ziren jokalari berdeak. Baloiaren jabetza eurena zen, baloia hobe mugitu zuten eta Prietok defendatutako atea zulatzen saiatu ziren. Horrela, Tony Escribanok berdintzea eta Juninhok 3 eta 2  aurretik jartzea lortu zuten. Cordobak atezain jokalari formula erabili zuen, erasora pasa zen, baina berdeek ongi defendatu zuten, bukaerara arte sufritzen jakin zuten eta 3 eta 2 irabazi zuten. 

Publikoaren buelta eskatu zuen Tatono Arregik
Osasuna Magnaren eta Cordobaren partida hasi baino lehen, Osasuna Magnako Xotako presidente Tatono Arregik mikrofonoa hartu eta publikoa kantxetara itzultzeko eskakizuna egin zuen. “Edozein motako kultur ekitaldi batek publikoa izan dezake, aurretik zehaztutako protokoloa betetzen badu. Aldiz, kirolean ez dute publikorik uzten, nahiz eta ekitaldiak toki edo instalazio berdinetan izan. Instalazio batek musika ikuskizun bat har dezake, eduki mugatuarekin eta distantzia neurriekin, baina areto futbol partida bat ateak itxita jokatu behar da. Hori diskriminazioa da” salatu zuen Tatonok. Partidak ateak itxita jokatu behar izateak klubari kalte ekonomiko handiak ekarri dizkiola salatu zuen, “bazkideak guretako diru sarreren %14 direlako”. 

Inter izango da hurrengo arerioa
Osasuna Magnak 3 puntu baino askoz ere gehiago balio zuen garaipena lortu zuen, sailkapenean goian kokatu baitira atzera ere jokalari nafarrak. Palma Futsal da lider berria (24 puntu) eta Osasuna Magna Xota 6. postura igo da (15 puntu). Asteburuan 12 punturekin sailkapenean 11. postuan dagoen Inter talde ahaltsua izango du aurkari Imanol Arregiren taldeak. Inter ligako oilarretako bat da baina momentuz gauzak ez doazkio oso ongi. Beraz, jokoan dauden hiru puntuak ere oso lehiatuak izango dira. 

Errege Kopan talde berdeak Levante izango du aurkari
Errege Kopako final zortzirenetako zozketa egin da eta zorteak erabaki du egun ligan 2. postuan dagoen Levante izango dela Osasuna Magna Xotaren hurrengo aurkaria Errege Kopan. Partida Paternan jokatuko da, abenduaren 15ean edo 16an.