Pailazoen urteroko bisita

Guaixe 2020ko aza. 30a, 11:41

Abenduaren 3an Euskararen eguna izanen da, eta urtero bezala Aizpea Euskara Taldeak antolatuta Katxiporretako pailazoak Irurtzunen izanen dira; Porrotx eta Marimototsekin Parke Magikoa ikuskizun eginen dute, 16:00etan, 17:00etan eta 18:00etan, kultur etxean

Urtero, Euskararen egunean, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Irurtzunen bisita egiten dute. Aurten Porrotx eta Marimotots pailazoak etorriko dira, eta Irurtzungo kultur etxean Parke Magiko bat bihurtuko dute. Edukiera mugatua denez, hiru emanaldi eginen dituzte: 16:00etan, 17:00etan eta 18:00etan. Aizpea Euskal Taldeak antolatu du, urtero bezala, ikuskizuna. Antolakuntzatik helduak ez joatea gomendatzen dute, edo, behintzat, heldu bakar bat joatea. Sarrerak aldez aurretik erosi behar dira Martxuetan edo Estankoan.