Irurtzungo Udalak 2030 urterako CO2 isurketak %40an murriztu nahi ditu eta, horretarako, lehenbailehen hasi nahi du bere instalazioak egokitzen. Guztira sei lan egitea aurreikusi du udalak, energia burujabetza eta egungo instalazioen eraginkortasuna hobetzeko. Alkateen Itunaren barruan kokatzen diren inbertsioek 134.566,05 euroko aurrekontua dute. Aitor Larraza Carrera alkateak jakinarazi duenez, dirutza hori Irurtzungo Udalak Nafarroako Gobernuaren berraktibazioko dirulaguntzekin eta diruzaintzako gerakineko 22.037,85 eurorekin osatuko dute.
Sei lan, kontsumo energetikoa jaisteko helburuarekin
Larrazak azaldu duenez, lehenik udaletxearen eta liburutegiaren energia-hornidura asetzeko instalazio fotovoltaikoa jarri dute. 19.04 Kwp-ko instalazio horrek urtean 22.890 kWh sortuko ditu. Jakina denez, Irurtzungo Udalak eguzki plaken instalazioa jarria du dagoeneko frontoian. Handik Atakondoa ikastetxea elikatzen da. Bigarren instalazio fotovoltaikoaren aurrekontua 24.352 eurokoa da eta Ekisolar enpresak jarri du.
Bestalde, udaletxeko argiteria aldatu da, argiak eraginkorragoak izan daitezen. Egungo potentzia %70 jaitsiz, 1.950 euro aurreztuko ditu udalak. Aurrekontua 10.648 eurokoa da eta obra Erentxun muntaia elektrikoak enpresak egin du. Horrekin batera, teilatuetan dauden zortzi leiho aldatu dituzte. Larrazak azaldu duenez, “aurrekoak egurrezkoak ziren, horietako askok ez zuten ondo ixten eta bero galerak handiak zeuden”. Horretara 10.781,10 euro bideratu dituzte.
Bi gasolio galdara ere begiz jota dituzte. Haren ordez udaletxean biomasa galdara jarriko dute. Larrazak azaldu duenez, “egun udaletxean dagoen gasolio galdara behar baino handiagoa da eta haren ordez potentzia txikiagoa duen eta pelleta kontsumitzen duen galdara jarriko dugu”. Lanak 40.835,06 euroko aurrekontua du. Horrekin batera, kiroldegian dagoen gasolio galdara kentzea da udalaren asmoa. Eta kiroldegia berotzeko hura eta eskola lotuko dituen kanalizazio bat egin nahi du, kiroldegia gasez hornitzeko. 20.500 euro bideratu dituzte. Lan horiek apirilean eginen dituzte.
Azkenik, Akaborro industrialdearen argiteria publikoa aldatzen ari dira. Horrekin batera koadro elektrikoa hobetuko da. Horrela, Irurtzungo argiteria publiko guztiak LED teknologia izanen du. 27.449,89 euroko inbertsioa da, eta horri esker urtean 16.018 kWh aurreztuko ditu Irurtzungo Udalak, hau da, kontsumoaren %75. Lanak Erentxun muntaia elektrikoak enpresak eginen ditu.
2021erako energia-komunitatea sortu nahi dute
Larrazak gaineratu dutenez, 2021 urtean beste pauso bat eman nahi dute. “Energia-komunitate bat sustatzen edo garatzen saiatuko gara, prozesu parte-hartzaile baten bidez. Neurri batean, herritarrok kontsumitzen dugun eta instalazio kolektibo baten bidez sor dezakegun energiaren gainean burujabeagoak izateko ideiarekin jaioko da proiektu hori”. Beste urrats bat, beraz, energia-burujabetzaren bidean.