Areto futbola

Linharesen urrezko gola

Guaixe 2020ko abe. 14a, 10:13

Osasuna Magna Xotaren eta Valdepeñasen arteko partida bukatzeko 22 segundoren faltan binakako berdinketa lortu zuen jokalari berdeak. Asteazkenean talde irurtzundarrak Levante izango du aurkari Errege Kopako final zortzirenetan

Osasuna Magna Xotak Valdepeñas taldea hartu zuen ostiralean Anaitasunan, ateak itxita jokatu zen partidan. Movistar Interren kontra 4 eta 0 galdu eta gero –talde berdeak opari gehiegi egin zizkion Madrilgo taldeari eta, atzera ere, punteria falta izan zuen–, egoerari buelta eman eta garaipena lortu nahi zuen Imanol Arregiren taldeak. Hala ere, talde nafarrak betiko arazoarekin jarraitu zuen: kontrako atean punteria falta. 

Gol aukera asko sortu zituen Imanol Arregiren taldeak: urrutitik, buru jaurtiketak, estrategia jokaldiak… baina baloia ez zen kontrako atean sartzen. Jokalari berdeek gehiegi barkatu zuten. Aldiz, 10. minuturako 0 eta 2 aurreratu zen Valdepeñas. Hala ere, atsedenaldia baino lehen, eta falta baten ondoren, Wandersonek gola sartu zuen penaltiz eta 1 eta 2 hurbildu zen Osasuna Magna markagailuan. 

Bigarren zatian partida berdintzera atera ziren jokalari nafarrak. Tony, Wanderson, Mancuso… behin eta berriz saiatu ziren, baina baloia ez zen kontrako atean sartzen. Asierrek berdeen atea ongi zaindu zuen. Partida bukatzeko 5 minuturen faltan atezain-jokalari formula erabili zuen Imanol Arregik. Tony eta Dani Zurdo saiatu ziren, baina ezin. Zorionez, partida bukatzeko 22 segundoren faltan, Linharesek gola sartu eta binakako berdinketa lortu zuen Osasuna Magnak, puntu bat eman ziona. 

Imanol: "ez da nahikoa"
Imanol Arregik azaldu zuen bere taldeak “partida ona” egin zuela, “baina hori ez da nahikoa”. “Betikoan gaude. Lehen zatian bizpahiru gol sartzeko aukera izan genuen, baina aurten ez dugu kontrako atean asmatzen, hori da aurtengo gurutzea” nabarmendu zuen. 

Sailkapen orokorrean Palma Futsal da lider (28 puntu), Levante bigarrenari 3 puntu aterata (25 puntu). Osasuna Magna Xota erdialdetik behera dago, 12. postuan (16 puntu). Datorren jardunaldian Osasuna Magna Xotak sailkapenean 13. postuan eta arerio zuzena den Emotion Zaragoza izango du aurkari. Baina, aurretik, Errege Kopako partida jokatuko du talde berdeak. 

Errege Kopako final zortzirenetan asteazkenean Levante aurkari
Bihar eta etzi Errege Kopako final zortzirenak jokatuko dira. Osasuna Magna Xotak Levante izango du aurkari, asteazkenean 20:30ean Paterna pabilioian jokatuko den partidan.