Areto futbola

Imanol Arregi: “Jende guztiak espero du Levante gailenduko dela, baina gu pronostikoa ez betetzen saiatuko gara”

Guaixe 2020ko abe. 16a, 09:41
Imanol Arregik badaki partida oso zaila dutela gaur, baina sorpresa eman nahi dute.

Errege Kopako final zortzirenak daude jokoan eta Osasuna Magna Xotak Levanteren kontra jokatuko du gaur, asteazkena, 20:30ean, Paterna pabilioian

Areto futboleko Errege Kopako final zortzirenak erabakiko dira gaur. Osasuna Magna Xotak Levante du aurkari, gaur, asteazkena, 20:30ean Paterna pabilioian jokatuko den partidan. Levante da aurtengo denboraldirako gehien indartu den taldeetako bat, eta egindako ahalegina nabaria da, ligako sailkapenean 2. postuan baitago Valentziako taldea. Beraz, partida oso zaila dute aurrez aurre Imanol Arregiren mutilek, baina Errege Kopan aurrera jarraitu nahi dutenez, dena emango dute eta lehia oso estua espero da. Aurreko urtean talde berdeko jokalariak ziren Rafa Usin eta Araça egun Levanten dabiltza, eta horregatik ere lehia berezia izango da gaurkoa. Hala ere, Araçak ezingo du jokatu, min hartuta baitago. 

Levante da faboritoa. “Levante arerio oso gogorra da, jokalari garrantzitsuak fitxatu ditu helburu garrantzitsuengatik borrokatzeko, eta finaletan Cartagena, Palma, Pozo, Inter eta Barcelona bezalako taldeekin borrokatzeko hautagai nagusia da. Jende guztiak espero du gure kontra gaur Levante gailenduko dela, baina gu pronostikoa ez betetzen saiatuko gara” nabarmendu du Imanol Arregik. Partida on bat egitea espero du Imanolek. “Ea ongi aritzen garen eta Errege Kopako final laurdenetara pasatzeko aukera dugun. 

Asier, Wanderson, Roberto Martil, Mancuso eta Bynho izango da Imanol Arregik gaur kantxara aterako duen lehendabiziko bostekoa.