Areto futbola

Osasuna Magnak modurik krudelenean esan dio agur Kopari

Guaixe 2020ko abe. 17a, 08:56

Errege Kopako final zortzirenetan Levanterekin hiruna berdindu eta gero, penaltietan ihes egin zion garaipenak Imanol Arregiren taldeari (5 eta 4)

Atzo Errege Kopako final zortzirenak jokatu zituen Osasuna Magna Xotak Levante taldearen kontra. Levante zen faboritoa, Valentziako taldea ligako talde indartsuenetako bat baita, baina talde berdeak pronostikoak zapuztu nahi zituen eta Imanol Arregiren taldea helburua lortzear egon zen, partida hiruna berdindu eta gero penaltiek erabaki baitzuten nor pasako zen final laurdenetara. 

Gauzak gaizki hasi ziren Osasuna Magna Xotarendako. 38. segundorako aurreratu zen Levante. Baina Imanol Arregiren mutilak erasoan hasi ziren berehala eta Mancusok bana berdintzea lortu zuen 4. minutuan. Hortik aurrera lehia ikusgarria eskaini zuten bi taldeek, eta aukera politak sortu zituzten. 9. minutuan Levantek bigarren gola sartu zuen, Osasuna Magnak Levanteko jokalariei behar bezala markatu ez ondoren. Talde nafarra berdintzen saiatu zen, eta Linharesek eta Mancusok aukera garbiak izan zituzten, baina baloia ez zen sartu. Levanteko Rivillosek jaurtitako penaltia kanpora joan zen, eta horrek arnasa eman zion talde berdeari. 

Bigarren zatian indartsu atera ziren Imanol Arregiren mutilak. Osasuna Magnak ederki estutu zuen Levante, eta, azkenean, 25. minutuan Mancusok gola sartu eta talde irurtzundarrak bina berdindu zuen partida. Berdeek erasoan jarraitu zuten eta Tonyk Linharesek egindako asistentzia bikain probestu zuen, Osasuna Magnaren hirugarren gola sartzeko. Berdeak 2 eta 3 aurreratu ziren eta Levante urduritzen hasi zen. Valentziarren erasoa hasi zen orduan, baina Asierrek ongi zaindu zuen nafarren atea, denetariko geldialdiak egin eta gero. Tamalez, partida bukatzeko 18 segundoren faltan Estebanek Levanteren hirugarren gola sartu zuen eta hiruna berdindu zuen. 

Berdinketa hausteko luzapena intentsitate handikoa izan zen, baina markagailua ez zen mugitu eta, azkenean, penaltiek erabaki zuten Errege Kopan nork egingo zuen aurrera. Pedro Torok Levanteren lehen gola sartu zuen eta Mancusok berdindu zuen; Rivillosek Levanteren bigarrena egin zuen eta Cesarrek bina berdindu zuen; Jorge Santosek Levanteren hirugarrena sartu eta gero, Linharesek hiruna berdindu zuen; Rubik Levanteren laugarrena sartu zuen eta Dani Zurdok launa berdindu zuen. Beraz, bosgarren penaltiak erabakiko zuen. Rafa Usin, Xotako jokalari ohiak Levanteren bosgarren gola sartu zuen baina Wandersonen jaurtiketak langarekin egin zuen topo eta Levantek lortu zuen garaipena, penaltietan 5 eta 4 irabazita. 

Beraz, modurik gogor eta krudelean galdu zuen Osasuna Magna Xotak. Talde berdeak agur esan behar izan dio Errege Kopari, baina ligako egungo oilarretako baten aurrean sekulako itxura emanez eta kristoren ahaleginaren ondoren.