Lan baldintzak hobetu dituzte Puertas Dilen

Guaixe 2020ko abe. 17a, 10:31
Puertas Dile enpresako langileen kontzentrazioa. Argazkia: @ELANafarroa

Lan osasunean eta soldatetan lortu dituzte hobekuntzak joan den asteazkenean langile guztiek greba egin eta lantegia gelditu ondoren.

Joan den asteko hiru lanegunetarako graba deialdia egina zuen ELAk Puertas Dile enpresan. Aurreneko greba egunean 45 langileek bat egin zuten deialdiarekin. Hainbat arlotan hobekuntzak eskatzen zizkioten langileek azken urteetan irabaziak aitortu dituen enpresa bati. Erabateko jarraipena ikusita, zuzendaritzak eta langileen ordezkaritza elkartu eta akordioa itxi zuten. Hurrengo egunean lanera bueltatu ziren langileak. 

ELAk jakinarazi duenez, langileen lan-osasunaren eta Aldi Baterako Lan Enpresen bidezko kontratazioen erregulazioaren arloan langileek egindako eskaera gehienak aintzat hartu dira. Horrekin batera, hamabosgarren ordainsaria osoa izatea ere lortu da, Nafarroako zuraren hitzarmenak 12 egunetako soldata adinakoa izatea ezartzen du, eta orain 30 eguneko soldata adinakoa izanen da.

Sindikatuak plantillako langileek erakutsi duten batasuna eta indarra nabarmendu ditu. Duela bi hilabete hauteskunde sindikalak egin zituzten eta ELAk hiru ordezkariak eskuratu zituen. Ordutik langileen ordezkariak enpresako zuzendaritzarekin zenbait hobekuntza adosten saiatu ziren, baina aurrerabiderik ikusten ez zutenez, grebara jotzea erabaki zuten langileek. ELAko kideak nabarmendu dutenez, “negoziazio prozesuak eman ditu bere fruituak. Hemendik aurrera Puertas Dile enpresan errespetuan eta ez inposatzean oinarritutako lan-harremanak izateko oinarriak jarri dira”.