Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak deituta, PCR probak egin zizkieten 150 bat pertsonari astearte arratsaldean eta beste 65 pertsonari atzo. Aurreneko baheketak COVID-19 gaitza 22 pertsonetan atzeman du. Aitor Larraza Carrera alkateak azaldu duenez, senitarte inguruan izan ziren gaixotasunaren kutsatzeak eta handik Atakondoa eskolara zabaldu ziren. Ikastetxe publikoan bederatzi gelatako ikasleak etxeko konfinamenduan daude. Eskolak Arakil, Imotz, Ollo, Goñi, Itza eta Irurtzungo 470 bat ikasle hartzen ditu.
Egoera onbideratzeko Irurtzungo Udala eta Osasun Departamentua koordinazio bilerak egiten ari dira gaixotasunaren hedapena lehenbailehen mugatzeko, eta gaitzaren zabalkundea zehazki zein den jakiteko. Horregatik, deitu zituzten herritarrak proba egitera.