Areto futbola

Urtea zapore gozoarekin despeditu nahi du Osasuna Magna Xotak

Guaixe 2020ko abe. 22a, 09:42
2019an Osasuna Magnak eta Zaragozak jokatutako partida.

Gaur Sala Zaragoza izango du aurkari, 18:00etan, Zaragozan (LaLigaSportsTV)

Imanol Arregiren taldeak Errege Kopatik kanpo geratu dela ahaztu nahi du eta 1. mailako Areto Futboleko Ligan jarri du burua. Urtea zapore gozoarekin despeditu nahi du talde irurtzundarrak, eta gaur Sala Zaragozaren kontra Zaragozan duen partidan jokoan dauden hiru puntuak bildu nahi ditu. Partida arratsaldeko seietan jokatuko da eta LaLigaSportsTV katean zuzenean ikusi ahalko da. 

Osasuna Magna Xotaren eta Sala Zaragozaren arteko partidak badu berea, bi arerio zuzenen arteko partida baita. 1. mailako sailkapen orokorrean Palma Futsal da lider (28 puntu) eta Osasuna Magna Xota erdialdetik behera dago, 12. postuan (16 puntu). Hain zuzen ere postu bat beherago, 13. postuan dago sailkatuta Sala Zaragoza, puntu berberekin. Hortaz, gaur jokoan dauden hiru puntuak oso garrantzitsuak dira sailkapenean gora egitea baitago jokoan. 

“Zaragozak defentsa ona egiten du eta oso ongi lantzen ditu estrategia jokaldiak eta atezain-jokalari formula. Hortaz, partida zaila dugu aurretik baina gora begiratu nahi dugu eta horretarako Zaragozan dena eman eta hiru puntuak ekarri nahiko genituzke” azaldu du Imanol Arregik.