Areto futbola

Osasuna Magna Xotak puntu bat ekarri zuen Zaragozatik

Guaixe 2020ko abe. 23a, 10:50

2 eta 4 irabazten egon ziren jokalari berdeak, baina Zaragozak berdintzea lortu zuen. Eguberritan atseden hartuko du 1. mailako ligak eta ilbeltzaren 4an Osasuna Magna Xota eta Aspil-Jumpers Ribera de Navarraren arteko derbia jokatuko da Tuteran

Osasuna Magna Xotak urteko azken partida jokatu zuen atzo Zaragozan, Futbol Emotion Zaragoza taldearen kontra. Errege Kopatik kanpo geratu direla ahaztu nahi zuten jokalari nafarrek, eta garaipenarekin despeditu nahi zuten urtea. 

Ongi hasi ziren Imanol Arregiren mutilak eta nagusi izan ziren partidan. 6. minuturako Bynhok talde berdea aurreratu zuen, eta nahiz eta Zaragozak hurrengo minutuan berdindu, jokalari berdeek erasoan jarraitu zuten eta Roberto Martilek bi gol sartu zituen. Zaragozak bigarrena sartu eta 2 eta 3 hurbildu zen markagailuan, baina Zurdok berdeen laugarrena sartu eta 2 eta 4 aurreratu zen Xota. 

33. minutuan Bynhok txartel gorria ikusi zuen eta hortik aurrera hasi zen Osasuna Magnaren beheraldia. Zaragozak egoera probestu zuen eta, azken minutuetan launa berdintzea lortu zuten. Puntu banaketarekin despeditu zen lehia, baina 2 puntu alferrik ihes egiten uztearen sentsazioarekin geratu ziren jokalari berdeak.

“Partida kontrolatuta genuen, eta pena izan da azken unean gu berdindu izana. Bynhoren kaleratzea funtsezkoa izan da. Txartela gorria bazen, ez zen soilik berarendako, Zaragozako jokalariarendako baita ere, baina soilik Bynho kanporatu dute. Dena den, baina halako egoeratan zentzudunagoak izan beharra dugu, ezin gara probokazioetan erori” azaldu zuen Imanol Arregik partida bukaeran. 

Urte berriak derbia ekarriko du
Gaurko jardunaldiko emaitzen faltan, une honetan 1. mailako lider Palma Futsal da (28 puntu) eta Osasuna Magna Xota 10. postuan dago (17 puntu). Eguberrietako oporretan atseden hartuko du Irurtzungo taldeak eta datorren jardunaldia ilbeltzaren 4an jokatuko da. Hain zuzen ere, Osasuna Magnaren eta Aspil-Jumpers Ribera de Navarra taldearen arteko derbia egonen da jokoan, Tuteran.