Areto futbola

Osasuna Magna Xotak Aspil-Jumpersek “marra gainditu duela” uste du

Guaixe 2021ko urt. 15a, 08:59
Osasuna Magna Xotakoak autobusean Tuterara bidean zihoazela jakin zuten bertan behera geratzen zela euren arteko partida.

Talde tuterarrak Osasuna Magna Xotaren kontra atzeratutako partida irabazitzat ematea eskatu dio Espainiako Futbol Federazioari, bere ustez talde irurtzundarrak antigeno testak egiteko epea ez zuelako bete. Talde berdeak azaldu du arau guztiak bete dituela eta “kirol kantxetatik kanpo kirol etekinak lortzeko pandemia erabiltzea oso larria” dela. Berrogeialdia gaindituta, Osasuna Magna Xotak Industrias Santa Coloma hartuko du igandean, Anaitasuna pabilioian, 17:00etan (Gol TV). 

Osasuna Magna Xota bueltan da berrogeialdian egon eta gero. Jakina denez, taldeko jokalari batek ilbeltzaren 3an positibo eman zuen antigeno test batean eta egunean bertan berehala egindako PCR probak positibo zela berretsi zuen. Une horretan bertan taldekide guztiek PCR probak egin zituzten, negatibo izan zirenak, baina positiboa izan zuen jokalariarekin harreman zuzena izan zutenez, klubak berak egoeraren berri eman eta  ilbeltzaren 4an Aspil-Jumpers Ribera de Navarra talde tuterarrarekin jokatzekoa zuten partida atzeratzea eskatu zuen. Nahasmena egon zen orduan, ez baitzuten atzerapen konfirmaziorik jaso, eta autobusean Tuterarako bidean zihoazela jaso zuten epailearen erabakia, partida atzeratzea baimentzen zuena. Ordutik konfinamenduan egon da talde berdea. 

 Ildo honetan, gertatutakoarekin “harrituta” geratu zirela nabarmendu du Osasuna Magna Xotako presidente Tatono Arregik. “Guk berehala protokoloa aplikatu genuen eta eskatzen zitzaiguna egin genuen, hurrengo egunean genuen partida atzeratzea eskatzea barne. Eta gertatutako esperpentoa, epailearen erantzuna partidara bidean autobusean geundela jasotzea… harritzekoa izan zen. Arauak zorrotz jarraitu ditugu, konfinamendu zorrotza egin dugu, eta iganderako prest egongo gara” zaldu zuen Tatonok. 

Aspil-Jumpersen jarrerak “tristura” ematen dio Xotari
Baina egoera are gehiago korapilatu da, Aspil-Jumpersek Osasuna Magnaren kontra atzeratutako partida hori talde berdeari galdutzat ematea eskatu baitio federazioa, Tuterako taldearen iritziz ustez antigeno testak egiteko data ez zuelako bete. Gaia aztertzeko espedientea zabaldu dio federazioak talde irurtzundarrari, eta klubak komunikatua zabaldu du, nabarmenduz Osasuna Magna Xotak oso serio hartzen duela COVID-19a eta berehala egin zituela beharrezko testak eta probak bere jokalari batek positiboa eman zuela jakin bezain pronto, “guztien osasuna bermatzea ezinbestekoa” delako. 

Xotak dio “guztiak ez duela balio”
Aspil-Jumpersek egindakoak “tristura handia” sortu du Osasuna Magna Xotan. “Areto Futboleko 1. mailako ligan makina bat partida atzerapen daude COVID-19agatik. Guk uste dugu Ribera de Navarrak bi taldeen artean dagoen fede oneko harremana gainditu duela. Marra gainditu du Aspil-Jumpersek, eta guztiak ez du balio” aitortu du Irurtzungo klubak kaleratu duen prentsa oharrean. “Kantxatik kanpo kirol etekinak lortzeko pandemia erabiltzea oso larria da” nabarmendu du Xotak. 

Igandean Santa Coloma aurkari
Protokoloak beteaz, ostegunean hasi ziren taldearen entrenamenduak, COVID-19 diagnosi probak gainditu eta gero. Igandean ligako partida du Osasuna Magna Xotak, eta Industrias Santa Coloma hartuko du Anaitasuna pabilioian, 17:00etan. Partida zuzenean ikusteko aukera eskainiko du Gol TV telebista kateak. Momentuz, Levante da lider (32 puntu)eta Osasuna Magna 10. postuan dago (17 puntu), partida bat gutxiagorekin. Oraindik ez da zehaztu noiz jokatuko duen Aspil-Jumpersen kontrako derbia. Industrias Santa Colomak 16 puntu ditu eta 15. postuan dago sailkapenean, eta, puntu bateko aldearekin, partida lehiatua eta borrokatua espero da. 

Babesle berria
Asteartean prentsaurreko telematikoa eskaini zuen Osasuna Magna Xotako presidente Tatono Arregik. Talde berdearen babesle berria aurkeztu zuen, egitura metalikoak sortu eta haien muntaketa egiten duen Montajes Oslo, Aragoiko enpresa. Urte bateko kontratua sinatu dute bi aldeek, nahi izanez gero hurrengo urteetan luzatu daitekeena. Prentsaurrekoan ere partidetara ikusleen buelta uztea eskatu zuen Tatono Arregik.