Areto futbola

Garaipena eskuan izanda, puntu bakarrarekin geratu zen Osasuna Magna

Guaixe 2021eko urtarrilaren 18a

2 eta 0 aurreratu zen talde berdea, baina partida despeditzeko 3 minuturen faltan Santa Colomak berdintzea lortu zuen. Liga honetan bigarrenez zaleen babesarekin jokatu zuen Xotak etxean, Anaitasunan

Atzo zaleen animo oihuak zuzenean entzuteko aukera izan zuen Osasuna Magna Xotak, aspaldiko partez areto futbol zaleak hartu baitzituen Anaitasuna pabilioiak. 425 ikusle bildu ziren, pandemiagatik beharrezkoak diren kopuru eta distantzia mugak kontuan hartuta, jokalari berdeek biziki eskertu zutena. Izan ere, 2020/2021 denboraldian ikusleen babesarekin jokatu zuten bigarren eguna izan zen atzokoa Imanol Arregiren mutilendako. 


Partida ez zen ongi hasi talde nafarrarendako. Bynhoren, Tonyren eta Cesarren falta nabaritu zuen taldeak, eta errotazio falta baino, lehiaketa erritmoaren falta sumatu zitzaion talde irurtzundarrari. Osasuna Magna ez zegoen guztiz eroso, eta nahiz eta jokaldi ezberdinak sortu, erritmo falta nabaria zen. Sortutako jokaldiek ez zuten fruiturik izan, eta zorionez, Asierrek Santa Colomaren erasoei ongi erantzun zien eta atsedenaldira husnako berdinketarekin joan ziren bi taldeak. 

Bigarren zatian egoera guztiz aldatu zen eta Xotak partida guztiz bideratu zuen. Roberto Martilek eta Linharesek sartutako golei esker 2 eta 0 aurreratu zen taldea, eta errenta polita lortu zuten berdeek. Garaipena eskutan zuten, baina Santa Colomak ez zuen etsi eta Cardonak 2 eta 1 gerturatu zuen Santa Coloma. Eta egoera borobiltzeko hiru minuturen faltan Drahovskyk berdinketaren gola lortu zuen. Bina berdinduta despeditu zen partida, eta bi puntu ihes egiten uztearen sentsazioa izan zuten jokalari berdeek. 

Imanol: “Partida eskutan izan dugu”
Imanol Arregi entrenatzaileak partida bukaeran argi eta garbi aitortu zuen “hosti txarrez” zegoela, “partida bideratuta genuelako eta ez genuelako partida errematatu”. Imanolek ere nabarmendu zuten lehen zatian “gaizki” aritu zirela. “Baina bigarren zatia gure izan da. Partida errematatu ahal izan dugu, baina ez dugu egin eta horrek bi punturen kostua izan du guretzat. Partida eskutan genuen eta berdinketak zapore garratza utzi digu” nabarmendu zuen. 

Hurrengo arerioa: Levante
1. mailako Areto Futboleko lider Palma taldea da (34 puntu). Osasuna Magna Xota 10. postuan dago (18 puntu). Datorren jardunaldian 32 punturekin sailkapenean 2. postuan dagoen Levante izango du aurkari talde nafarrak, partida zaila.