Areto futbola

Levanteren kontra Osasuna Magnak “sendoago” aritu behar duela dio Imanol Arregik

Guaixe 2021ko urt. 22a, 09:32
Roberto Martil eta Asier Llamas irurtzundarrak Osasuna Magna Xotako kapitainak dira eta aste honetan 1. mailako jokalari onenen artean kokatu ditu Areto Futboleko Liga Nazionalak.

Osasuna Magna Xotak sailkapenean bigarrena den Levante hartuko du gaur, ostirala. Partida 20:00etan jokatuko da Anaitasunan (Navarra TV eta “LaLigaSportsTV”)

Asteburuan Lehen Mailako Areto Futboleko Ligako 18. jardunaldia jokatuko da. Osasuna Magna Xotak partida zaila du aurretik, hain zuzen ere sailkapenean 2. den Levante taldea hartuko baitu gaur, ostirala, 20:00etan, Anaitasunan. Talde berdeko entrenatzaile Imanol Arregi irurtzundarrak argi du bere taldea “sendoago” atera behar dela kantxara, eta bereziki jokaldiak ongi bukatu behar dituztela. “Gol aukera ugari sortzen ditugu, baina kontrako atean asmatzeko indizea hobetu behar dugu, bi goleko batezbestekoarekin irabaztea oso zaila baita” azaldu du Imanolek. 

Martil eta Llamas onenen artean
Areto Futboleko Liga Nazionalak 17. jardunaldiko boskoterik onena aukeratu du, eta Osasuna Magnako Roberto Martil irurtzundarra atzelari onena izan zela erabaki du. Halaber, Asier Llamas irurtzundarrak jardunaldiko 2. geldialdi onena egin zuela zehaztu du Areto Futboleko Liga Nazioanalak.