Osasuna Magna Xotak sailkapenean 2. postuan zegoen Levante taldea hartu zuen ostiralean Anaitasunan. Partida zaila zen, baina talde berdea dena ematera atera zen, 450 zaleren babesa alde zuela. Eta oso ongi aritu ziren Imanol Arregiren mutilak. Ongi jokatu zuten, eta hirutan aurreratzea lortu zuten. Garaipena eskutan izan zuten, baina azken minutuan, zoritxarrez, berdintzea eta partida irabaztea lortu zuen Levantek.
Partida polita eskaini zuten Osasuna Magnak eta Levantek. Etxekoak aurreratu ziren, Wandersonek sartutako gol bati esker, baina pozak gutxi iraun zuen, Levantek bana berdintzea lortu baitzuen. Atsedenaldiaren ondoren eromena iritsi zen, bi taldeek garaipena lortzeko asmoa baitzuten. Atzera ere Osasuna Magna aurreratu zen, Linharesek hegaleko sake baten ondoren gola sartu eta gero. Baina minutu baten ondoren atzera ere berdintzea lortu zuen Levantek.
Osasuna Magna behin eta berriz saiatu zen eta azkenean saria lortu zuen, Bynhok 3 eta 2 aurreratu baitzuen taldea. Talde irurtzundarrak ongi defendatu zuen, baina Levantek atezain jokalari formula erabili zuen eta partidaren azken minutuan iritsi zen hondamena, Levantek bi gol sartu eta partida irabaztea lortu baitzuten. Jakina, jota geratu ziren Osasuna Magnako jokalariak.
Imanol: “Ongi jokatzearekin ez du balio”
Imanol Arregik Levanteren garaipena “injustua” izan zela azaldu zuen. “Uste dut ez dutela irabaztea merezi, baina hemen kontua ez da merezi izatea, garaipena lortzea baino, eta beste behin garaipena eskutan izan dugu, baina ihes egin digu” azaldu zuen entrenatzaileak, penatuta. “Ongi jokatzearekin ez du balio, irabazi beharra dago eta ez dugu egiten. Hau sekulako makilkada da” aitortu zuen. Asier Llamas atezain irurtzundarrak ere aitortu zuen taldea, animoz, “jota” dagoela. Hala ere, astelehenetik aurrera entrenatzera eta “egoerari buelta ematera” aterako direla gaineratu zuen.
Atsedena
Osasuna Magna Xotak eta Levantek jokatutako partida 18. jardunaldiko partida aurreratua zen. Jardunaldi horretako gainontzeko partidak asteburuan jokatuko dira eta, hortaz, talde berdeak ez du jardunaldirik jokatuko. Momentuz Palma Futsal da lider (37 puntu) eta Osasuna Magna 11. postuan dago (18 puntu).