1. mailako Areto Futbol Txapelketan dabiltzan bi talde nafarren arteko harremanak –Osasuna Magna Xota eta Aspil-Jumpers Ribera Navarra– ez dira onenak momentu honetan. Ilbeltzaren hasieran ligako partida jokatu behar zuten bi taldeek Tuteran, eta bezperan talde irurtzundarreko jokalari batek positibo eman zuenez, taldeko gainontzeko jokalariek PCR probak egin zituzten eta bien bitartean klubak partida atzeratzea eskatu zion Espainiako Futbol Federazioari. Hurrengo egunean, Osasuna Magna taldea autobusez Tuterara zihoala, jaso zuten partida atzeratzeko baimena. Egun batzuk beranduago Aspil-Jumpers Ribera Navarra taldeak Osasuna Magna Xotari partida galdutzat ematea eskatu zion Federazioari, Tuterako taldearen iritziz Irurtzungo klubak ustez antigeno testak egiteko data ez omen zuelako bete. Eta gaia aztertzeko espedientea zabaldu zion federazioak talde irurtzundarrari.
Osasuna Magna Xotak, komunikatu bidez, azaldu zuen Ribera Navarraren jarrerak “tristura handia” ematen ziola eta nabarmendu zuen euren jokalari batek positiboa eman zuela jakin bezain pronto gainontzeko jokalariei beharrezko probak eta testak egin zizkiela, “COVID-19 oso serio hartzen dutelako”. Halaber, COVIDa dela eta ligako beste partida batzuk ere atzeratuak daudela gaineratu zuen Tatono Arregik zuzentzen duen taldeak. “Uste dugu Ribera de Navarrak bi taldeen artean dagoen fede oneko harremana gainditu duela, eta guztiak ez du balio. Kantxatik kanpo kirol etekinak lortzeko pandemia erabiltzea oso larria da” salatu zuen talde berdeak.
Tentsioa baretzeko goi mailako bilera
Bi talde nafarren artean sortutako tentsioa baretzeko, atzo, astelehena, Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol Departamentuko kontseilari Rebeca Esnaola bi klubeko presidenteekin, Osasuna Magna Xotako Tatono Arregirekin eta Ribera Navarrako Alberto Ramirezekin bildu zen. Bilkura horretan ere Nafarroako Futbol Federazioko presidente Rafael del Amo eta Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari Miguel Pozueta izan ziren.
Lasaitasunerako, errespeturako eta tolerantziarako deia
Esnaolak azaldu zuenez, “aurreko asteetan kluben eta zaleen artean sortutako tentsioaren gaineko kezka” azaldu zien bi presidenteei, eta “lasaitasunerako deia” egin zien, “kirol lehiak nahi ez diren mugak gainditu ez ditzan” eta Nafarroako areto futbolaren irudia bera hobetzeko. Kontseilariak nabarmendu zuen Nafarroako Kirol Institututik defendatzen diren kirol balioak “errespetuarena eta tolerantziarena” direla, eta balore horiek bere egitea eskatu zien bi klubei.
Bileran parte hartu zutenek nabarmendu zuten beharrezkoa dela bi taldeen arteko partidak “areto futbolaren festa gisa izatea, kirolaren balioak ordezkatzen ez dituzten portaeretatik urrun” eta kluben zein zaleen arteko errespetuzko giro hori sortzea ahalbidetuko duten ekintzetan lan egingo dela nabarmendu zuten.