2019ko lastailaren 26an, goizeko ordu txikitan Arruazutik korrika abiatu eta hurrengo egunean, lastailaren 27an Izabara iritsi zen Aritz Ganboa de Migel artzain arruazuarra, alboan Iker Karrera ultra trail espezialista eta hainbat lagun eta kide zituela, mendiz mendi 170 km eta 8.000 metroko desnibel positiboa gainditu eta gero. Ibilbide guztian barna Albi Idiazabal Jatorri Izendapeneko bere gaztandegian egindako gazta gainean eraman zuen Ganboak, eta Izabara heltzerakoan Jose Manuel Marco artzainaren erreleboa hartu duen Marina zuen zain, Belaguan Erronkari Jatorri Izendapenarekin gaztak egiten dituen artzaina. Gaztak trukatu zituzten, alboan hirugarren gazta bat zutela, Iparraldeko Ossau-Irati Jatorri Izendapenekoa. Ondoren, egun osoko festa ederrarekin ospatu zuten Bideak erronkaren arrakasta.
Erronka honekin bere arbasoen bi herriak lotu nahi izan zituen Aritz Ganboa artzainak, Arruazu eta Izaba, baita bi familien artzaintza tradizioa ere, Ganboaren herri bateko eta besteko familietan artzainak baitzeuden. Baina bere erronka pertsonala ibilbide kolektibo batean bilakatu zen, erronka askotariko erronka potoloan, gure ondare zabala –giza, kultur, kirol, ingurune, paisaia, ekonomia, historia, gastronomia...– aldarrikatzeko egitasmoan, gure ondarea jasotzeko ekimenean, hain zuzen ere. Ibilbide horren lekukotza irudietan jaso behar zela argi izan zuen arruazuarrak hasieratik, eta horretarako, Muxu Estudioko Xabier Unanua Goikoetxea irurtzundarrarengana jo zuen. Egunotan, lan horren fruitua aurkezten ari dira Xabier Unanua eta Aritz Ganboa: Bideak Dokumentala.
Bi ero elkartzen direnean…
“Aritz 2018an etorri zitzaidan, apirila aldera, eta harrikada bat bota zidan. Berak sarritan esaten du ero bati ez zaiola kasurik egin behar, ezta? Baina beste ero batekin elkartzen bada, begira zer gertatzen den, biek erokeriak egiten dituztela. Eta horrela hasi zen historia hau guztia. Aritzek bere ideia aipatu zidan, Arbizutik Izabaraino korrika joatearena, gazta gainean eramanda, artzaintzaren eta bere bi jatorrien lotura hori islatzeko nahia. Prozesu guztia jaso nahi zuen: kirol prestaketa, mendiz mendiko ibilbidea zehaztea, artzainen lanari aitortza egin, euskarari, gure kultura, kirol eta usadioei aitortza egitea… Aritzen proiektuari batu nintzen eta bidean geroz eta jende eta talde gehiagok parte hartu du. Proiektu oso xumea da, luze iraun du, baina bidea oso oparoa izan da, jende askok parte hartu duelako. Hori pelikularen bukaeran ikusten da, kredituetan, ekimenean parte hartu duen jende guztiari eskerrak eman nahi dizkiogulako. Bidean Dokumentala lan luzea izan da, baina poliki poliki, zentzuz eta buruz egindakoa” dio Musu Estudioko Xabier Unanuak. Berak egin du filma, berak zuzendutako lantaldeak lortutako materialarekin.
Xabi Unanua: "Aritzen erronkak mamia zuen. Zerbait polita eta indartsua aterako zela banekien"
Hamaika elkarrizketa
Bidean Dokumentala filmean Aritz Ganboaren erronkak bezainbesteko garrantzia dute erronkaren inguruan landutako gaiek. Adibide batzuk ematearren: herrietan egiten diren auzolanak, emakumeek artzaintzan duten papera, antzinako mendietako bideak eta sendak berreskuratzeko lana, mendi lasterketen atzean dauden garai bateko apustuak, mendi lasterketak prestatzeko beharrezkoak diren elikadura eta prestakuntza fisikoa, erronka pasatzen den tokiei eta herriei buruzko istorioak, landa eremuaren erronkak eta beharrak, nekazarien lana, azokak, gure kirolak, euskararen etorkizuna, gazta gainean eramateko motxila berezia egiteko Ternua etxeak diseinatutako motxila berezia, garai bateko euskal baleontziek Sakanarekin eta gure mendiekin zuten lotura –San Joan baleontzia egiteko Albaolaren egitasmoa–, Lakuntza-Aralar eta Zegama-Aizkorri mendi lasterketak antolatzen dituzten klubek egiten duten lana, gaztak nola egiten diren, jatorri izendapenen garrantzia, Orbaizetako zabalzatarren etxean Mikel Zabalzari gertatutakoa ekartzen dute gogora… eta abar luze bat. Eta elkarrizketa horiek guztiak egin eta jaso dira dokumentalean, tartean Arruazu eta Izaba arteko erronkako irudi ikusgarriak tartekatzen diren bitartean.
“Niretzako dokumental hau egitea erronka bat izan da, Aritzena bezala. Genuen informazio eta elkarrizketa guztiak 90 minututan laburtzea ez da batere erraza izan. Hau argi geratu behar da. Orduak eta orduak genituen grabatuta, eta oso indartsuak eta kañeroak ziren elkarrizketa batzuk kutxan gorde behar izan ditut, eduki aldetik asko esaten zutenak. Dokumentalekin hori gertatzen da, gauza asko gordeta gelditzen direla. Hala eta guztiz ere, ekimenean parte hartu duen jendearekin zintzoak izan gara, gutxienez unetxo edo tarteren batean guztiak ateratzen baitira gure dokumentalean, nahiz eta eskaini diguten denborarekin ezinezkoa izan zaigun” azaldu du Unanuak.
Guztia 90 minututan laburtzeko erronka
Dokumentala egiteko prozesua luzea izan da. “Lan handia zegoen, Aritzek egin nahi zuen Arruazu eta Izaba arteko ibilbidearen trazaketatik hasita, xenda eta bidexka asko galduak baitzeuden. Lantalde bat egin zen horretarako, eta zenbait herrietako bizilagunek garai bateko bideak berreskuratu zituzten, auzolanean. Aldi berean, sekulako ondare bilketa lana egin da, bai natura, kultura, historia eta giza ondareari dagokionez. Auzolan erraldoia izan da. Horrek lanketa sakona ekarri du, eta nahiz eta bideoan gaiak sakontasunez ez landu, gai horiek guztiek lotura duten antzeztoki bat sortu dugu. Bestalde, erronkaren prestakuntza grabatu beharra zegoen: entrenamenduak, Lakuntza-Aralar eta Zegama-Aizkorri lasterketak… eta Arruazu eta Izaba arteko lasterketa bera, aurretik eta ondoren egin ziren elkarrizketa horiek guztiekin batera. Bukatzeko filmaren edizioa egin, musika sartu eta horrek dakarren guztia. Poliki eta mimo handiz egindako gauza izan da. Gurea proiektu xumea izan da, baliabide gutxirekin egindakoa, baina aldi berean oso aberatsa, ikusita zenbat jendek parte hartu duen” nabarmendu du irurtzundarrak.
Ikus-entzunezkoa egiteaz gain, dokumentaleko soinu banda Xabi Unanuak berak sortu du. “Ez bakarrik irudiekin eta hitzekin, bizitako esperientzia musikari gisa ere adierazi nahi nuen” aitortu du.
Xabi Unanua: “Niretzako dokumental hau egitea erronka bat izan da, Aritzena bezala. Genuen informazio eta elkarrizketa guztiak 90 minututan laburtzea ez da batere erraza izan.
Dirulaguntzak
Dokumentala grabatu ahal izateko jaso duten laguntza ekonomikoa ere eskertu nahi du Unanuak. “Crowdfunding kanpaina bat egin genuen, eta kamiseta eta gazta zati baten truke euren aletxoa jarri zuen jende askok. Entitate publiko eta pribatuetatik ere laguntza jaso dugu eta oso eskertuta gaude. Laguntza hauek bereziki grabaketak egiterakoan erabili ditugun bitartekoak eta teknikariak ordaintzera eta izan ditugun gastuak estaltzera bideratu ditugu. Bideak Dokumentala ez da superprodukzio bat, guk ulertzen dugun moduan. Baina niretako superprodukzio bat da: bi tiporen ideiatik abiatuta puztu eta handitu den ekimena, alboan izan ditugun lagun eta kideei esker eta bidean topatu dugun jende guztiaren parte hartzeari esker. Hori da niretzat superprodukzio bat” dio Xabier Unanuak.
Xabier Unanuak hasieratik argi zuen egitasmoa handia izango zela. “Erronkak mamia eta gaia bazuen. Oso gartsuak gara, eta zerbait polita eta indartsua aterako zela banekien. Baina gehien harritu nauena, benetan, zenbat jendek parte hartu duen ikustea da. Eta hori azpimarratu nahiko nuke behin eta berriz” azaldu du Muxu Estudioko arduradunak.
Erronka bat, eta aldi berean, beste hainbat erronka
Bideak Dokumentala filmean ikusleak zer ikusiko duen galdetuta, “laburbiltzeko zaila” dela erantzuten du Xabi Unanuak. “Ikusleak erronka bat ikusiko du, eta, aldi berean, beste hainbat erronka. Ez bakarrik Aritzena, baizik eta jende askoren erronkak islatzen ditu filmak. Hau guztia Aritzen egitasmoarekin hasi zen, gazta bat motxilan sartuta, Arruazutik Izabaraino takada batean korrika joateko nahi horrekin, bere bi jatorriak lotzeko. Baina erronka hori aitzakia da beste hamaika gai lantzeko. Kontakizun bat da, non beste kontakizun batzuk tartekatzen diren. Esan daiteke hainbat pertsonen hitzekin kontatzen dugun edo sortzen dugun agertoki bat dela Bideak Dokumentala.
Xabi Unanua: "Auzolan handia izan da. Gehien harritu nauena, benetan, zenbat jendek parte hartu duen ikustea da. Eta hori azpimarratu nahiko nuke behin eta berriz”
Martxoaren 7an, Etxarri Aranatzen
Bideak Dokumentala abenduaren 17an mustu zen Iruñean. Abenduaren 19an Altsasuko Iortia Kultur Gunean egin zuten aurkezpena, abenduaren 26an Arruazun, abenduaren 27an Irurtzunen, ilbeltzaren 9an Lakuntzan eta, Sakanako herriez gain, Euskal Herriko hainbat tokitan ikusi da filma eta ikusiko da, datozen egunotan. Tartean, martxoaren 7an Etxarri Aranatzera helduko da. “Gure filma ikusi nahi dutenek oso erraza dute: gurekin harremanetan jartzearekin nahiko. Tartetxoren bat bilatuko dugu edozein herritan emateko, noski baietz” dio Xabi Unanuak (info@bideakdokumentala.eus).
Biak, Aritz Ganboa eta Xabi Unanua, doaz aurkezpenetara. “Argi dugu dokumentala emititzearekin bakarrik ez dela nahikoa, gutxienez hasiera honetan. Eta horregatik erabaki genuen aurkezpenetara biok joatea. Dokumentala berez ulertzen da, ez du azalpenik behar, baina gero hausnarketa espazio bat sortzen da, eta jendeari kontatu nahi diogu honek guztiak zer ekarri digun, zer suposatu duen guretzako. Proiektuan sortutako parte hartze, elkarlan eta auzolana kontatu nahi dugu, prozesua nola izan den eta lanak guretako duen balioa. Dokumentalak atzetik izan duen historia, lana eta bestelakoak”.
Harrera ona
Filmak harrera ona izan du. “Jendea zorionak ematera hurbiltzen zaigu, ekarpen onak eta politak jaso ditugu. Kontua da pandemiagatik jendea berehala etxeratu behar dela, gu gustura geratuko ginateke gehiago, baina denbora gainera etortzen zaigu” dio Xabi Unanuak.
Bideak Dokumentala filmak gure ondarea jasotzen du. Jarraipena izan dezakeen galdetuta, erantzuten ez dakiela esan du Unanuak. “Orain filma aurkezten ari gara, oso gustura. Proiektu hau herritik jaio zen eta herritik jarraitu behar du, baina ez dakit zein ibilbide izango duen, bidean ikusten joango gara. Etor daitezkeen ekarpenak edo proposamenak gustura hartuko ditugu”.
Xabi Unanua: “Gure filma ikusi nahi dutenek oso erraza dute: gurekin harremanetan jartzearekin nahiko"
Xabi Unanua: “Ikus-entzunezkoen munduan nago buru belarri”
Zein da zure ibilbidea ikus-entzunezkoen mundu honetan?
Duela 15 urte baino gehiago hasi nintzen mundu honetan, eta bide horretatik jarraitu nuen komunikazio agentzietan eta beste. Duela 7 urte nire estudio propioa sortu nuen, Muxu Estudio, eta horretan nago, diseinuan eta bereziki ikus-entzunezkoetan oso murgilduta, horretan espezializatuta.
Betidanik izan duzu argi horretan lan egin nahi zenuela?
Ez, ni oso saltseroa izan naiz beti, gauza ezberdinak probatzen aritu izan naiz. Baina irudiaren eta filmen kutsu eta erakargarritasun hori txikitatik izan dut. Azkenean afizio txikiak, konturatu gabe, zure biderik nagusienean bihurtzen dira gero.
Aurretik ere ikus-entzunezko lan batzuk eginak dituzu.
Bai. Musikan bideoklipak eginak ditut: Izaki Gardenak taldearena, Gaur Ez nire taldearenak edo Virenquerena. Duela hiru urte Cortate el pelo, el rock de los 60 en Navarra dokumentala egin nuen Marino Goñirekin; horretaz gain Hutsun taldeko txalapartariekin 20 minutuko dokumental txikia egin genuen, Hamaika herrialde, hizkuntza bat, Marokon beraiekin eta musika talde batekin grabatutakoa. Horretaz gain, herrian bertan sortzen diren istorioak daude, esaterako Irurtzunen Trinitate ermitako obren ikus-entzunezko bat egin genuen 2020an, eta arlo pribatutik eta publikoetatik eskatuta egindako lanak.
Orain beste ekimenen bat ba al duzu esku artean?
Beti ez dakit zenbat txori izaten ditut buruan, bateren bat hartu eta horri helduko diogu (kar, kar...) Beti dago zerbait egiteko, enkarguren bat edo lanen bat, eta horretaz gain, orain buru belarri gaude Bideak Dokumentala aurkezten, horretan zentratuta eta disfrutatzen.