Irurtzungo alkate Aitor Larrazaren eta Sustrai Erakuntza fundazioko presidente Pablo Lorenteren sinadurak ditu bi erakundeek adostutako lankidetza-hitzarmenak, hilaren 14ko data duenak. Hitzartutakoaren arabera, fundazioak udalari teknika eta lege aholkularitza emanen dio, esaterako, ingurumen-inpaktua eragin dezaketen proiektuak aztertuz, informazioa bilduz, alegazioak prestatuz eta lege laguntza eskainiz. Aldi berean, udalarekin batera, sentsibilizazio kanpainetan parte hartuko du fundazioak, esaterako, hitzaldiak antolatuz, esku-orriak prestatuz… Eta hainbat gairen gainekoak izan daitezkeenak: hondakinak, energia, natur baliabideen erabilera, mugikortasuna, azpiegiturak, abiadura handiko trena,...
Halako hitzarmenak sinatuta dauzkate Sakanako eta Nafarroako hainbat udalek aurretik. Ibarrean, Irurtzunez aparte, fundazioarekin hitzarmena dute Sakanako Mankomunitatea, Arakil, Ihabar, Uharte Arakil, Arruazu, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz, Bakaiku, Iturmendi eta Olatzagutiko udalak. Sustrai Erakuntza fundazioa 2009an sortu zen eta haren sustatzaileen eta sortzaileen artean hainbat irurtzundar egon ziren.