Areto futbola

Epaileak Aspil-Xota derbia jokatuko dela erabaki du eta Tuterako taldeak erabakia errekurrituko du

Guaixe 2021ko ots. 2a, 10:30

Osasuna Magna Xotakoak Aspil-Jumpersen kontrako garaipena ospatzen, azaroan jokatutako Errege Kopako partidan.

Nafarroako Futbol Federazioko epaileak ez du onartu Aspil-Jumpers Ribera Navarrak partida Osasuna Magna Xotari galdutzat emateko egindako eskaria. Aspil Riberak erabakia errekurrituko duela iragarri du eta hitz oso gogorrak izan ditu Xotarendako eta Espainiako Futbol Federazioarendako

Osasuna Magna Xota eta Aspil-Jumpers Ribera Navarra taldeen arteko tirabirak beste kapitulu bat ekarri du. Espainiako Futbol Federazioko epaileak erabaki du, ilbeltzaren 4an bi taldeek jokatu beharreko partida, Xotako jokalari baten positiboarengatik atzeratuta geratu zena, jokatu beharko dela. Tuteran erabakia oso gaizki hartu dute eta errekurrituko dutela azaldu zuten atzo. 

Gertakariak
Jakina denez, Osasuna Magna Xotako jokalari batek ilbeltzaren 3an positibo eman zuen antigeno test batean eta egunean bertan berehala egindako PCR probak positibo zela berretsi zuen. Une horretan bertan taldekide guztiek PCR probak egin zituzten, negatibo izan zirenak, baina positiboa izan zuen jokalariarekin harreman zuzena izan zutenez, klub irurtzundarrak egoeraren berri eman zuen federazioan eta hurrengo egunean, ilbeltzaren 4an Aspil-Jumpers Ribera de Navarra talde tuterarrarekin jokatzekoa zuten partida atzeratzea eskatu zuen. Epailearen erabakia autobusean, partida jokatzeko Tuterarako bidean zihoazela jaso zuten Osasuna Magna Xotak, partida atzeratzea baimentzen zuena. Zehaztutako konfinamendua bete ondoren lanera itzuli zen talde berdea. 

Bitartean, Aspil-Jumpersek federaziora jo zuen Osasuna Magnaren kontra atzeratutako partida hori talde berdeari galdutzat ematea eskatzeko, Tuterako taldearen iritziz Xotak COVID protokoloa ez zuelako bete; zehatzago esanda, antigeno testak egiteko data ez zuelako bete. Xotak ez zuen batere ongi hartu eskaera hori, eta “marra gainditzea” leporatu zion talde tuterarrari, “guztiak ez duela balio” gaineratu zuen eta “kantxatik kanpo kirol etekinak lortzeko pandemia erabiltzea oso larria dela” nabarmendu zuen. 

Epailearen erabakia
Espainiako Futbol Federazioak eskaria aztertzeko espedientea zabaldu zuen eta erantzuna iritsi da. Aspil-Xota partida jokatuko dela erabaki du federazioko epaileak, eta otsailean jokatu beharko dela, oraindik zehaztu ez den datan. Halaber, Xotari “falta arina” leporatu dio, testak partida baino 35 ordu lehenago egiteagatik eta ez 48 ordu lehenago, araudiak jasotzen duen bezala. Epailearen iritziz hori “falta arina” dau, “parte hartzaileen osasunerako ez zelako mehatxua izan”. Horrela, Xotari 150 euroko isuna jarri dio, protokoloa ez betetzeagatik. Bere garaian, Tatonok adierazi zuen positiboaren berri jakin bezain laster egin zituztela proba guztiak eta hurrengo eguneko partida atzeratzea eskatu zutela “osasuna lehenesten” dutelako. Halaber, epailearen erabakiaren berri autobusean Tuterara zihoazela jaso zutela ekarri zuen gogora eta horrek erakusten zuela “Xota jokatzeko prest” zegoela. 

Aspil Jumpersek errekurrituko du eta Xotaren eta federazioaren kontra hitz oso gogorrak izan ditu 
Epaileak hartutako erabakiari errekurtsoa jartzeko eskubidea du Aspil-Jumpers Ribera Navarrak eta talde tuterarrak hala egingo duela azaldu zuen atzo, astelehenean argitaratu zuen komunikatu batean. Komunikatu horretan Aspil-Jumpersek hitz oso gogorrak izan ditu Osasuna Magna Xotarendako eta Espainiako Futbol Federazioarendako. Osasuna Magnari leporatzen dio antigeno testak epez kanpo egin zituela, hori “oso larria” dela eta protokoloak jasotzen duela kasu horietan “partida galdutzat” ematen zaiola taldeari. Halaber, Tuterako taldeak nabarmendu du ilbeltzaren 4ko partida jokatzeko interesa “soilik Ribera Navarra taldeak” zuela, “Xotari ez zitzaiola ongi etortzen Bynho lesionatuta zegoelako”. Eta Xotari “pandemiak sortutako egoera larriari emaitza ateratzea” salatzen dio. Bestalde, Espainiako Futbol Federazioari leporatu dio “auzi honetan beste aldera” begiratu duela eta horregatik Tuterako taldea “guztiz umiliatuta” sentitzen dela aitortu du. 

Tentsioa baretzeko eskaera ez dela bete dirudi
Gogoratu behar da aurreko astean bi taldeen arteko tentsioa baretzeko bilera egin zela eta bi klubetako presidenteekin –Tatono Arregi eta Alberto Ramirez– bildu zirela Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol Departamentuko kontseilari Rebeca Esnaola, Nafarroako Futbol Federazioko presidente Rafael del Amo eta Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari Miguel Pozueta. Esnaolak Nafarroako Kirol Institututik defendatzen diren balioak, errespetuaren eta tolerantzia, bere egitea eskatu zien bi taldeetako presidenteei, eta hala egingo zutela azaldu zuten bi aldeek, baina argi dagoena da tentsioa ez dela batere baretu.