Txirrindularitza

Maiatzaren 8ko La Peluso martxa zikloturistarako izena ematea zabaldu dute

Guaixe 2021ko ots. 2a, 12:00

2019an antolatu zen lehen aldiz La Peluso Zikloturista Martxa eta arrakasta handia izan zuen. Omenaldietarako tartea ere izan zen.

www.lapeluso.com eta www.rockthesport.com webguneetan eman daiteke izena

Aurreko urtean bertan behera geratu zen II. La Peluso Zikloturista Martxa, baina aurten maiatzaren 8an izanen dela azaldu dute antolatzaileek, Irurtzun Bi Ahizpe Txirrindularitza Elkarteak eta Irurtzun Taldea Kirol Elkarteak. La Peluso martxa antolatu dute, bigarrenez. Bi ibilbide izanen dira, luzea, 138 km-koa eta laburra, 89 km-koa. Ibilbideen informazioa eta trackak eskuragarri daude La Pelusoren web orrialdean (www.lapeluso.com). 

2019an antolatu zuten lehenengoz La Peluso martxa. Peluso, Irurtzunen txirrindularitza sustatu zuen Jesus Legarraren ezizena zen, eta horregatik jarri zioten bere izena txirrindularitza martxari. 965 txirrindularik eman zuten izena eta guztiz arrakastatsua izan zen. Aurreko urtean maiatzaren 9an jokatzekoa zen, baina bertan behera geratu zen pandemiagatik. Esan bezala, aurten maiatzaren 8rako jarri dute data eta izena ematea zabalik dago www.lapeluso.com eta www.rockthesport.com   webguneetan. Antolatzaileek izena ematea lehenbailehen egiteko gomendioa luzatu dute. Izan ere, 2020ko ediziorako izena eman zuten txirrindulari askok euren tokia 2021eko ediziorako gordetzea eskatu zuten, eta, hortaz, tokia ziurtatzeko izena ematea aurki egitea komenigarria da.

La Peluson 18 urtetik gorako txirrindulariek eman dezakete izena. Izena ematea martxoaren 31 baino lehen eginez gero 20 euro ordainduko dira, eta hortik aurrera, apirilaren 23ra arte eman ahalko da izena, 25 euroren truke. Aipatzekoa da La Pelusok txirrindularitza ekipamendu ederra diseinatu duela, culote eta maillotak, eta izena ematekoan bertan ere eros daitezkeela ekipamendu berezi hauek.