Areto futbola

Dani Saldise irurtzundarra, 1. mailako Areto Futboleko Ligako pitxitxia

Guaixe 2021eko otsailaren 5a

Osasuna Magna Xota utzi eta aurten Inter Movistar taldean ari den pibot irurtzundarra 2020/2021 Ligako golegileen sailkapenaren buruan dago, jokatutako 15 partidatan 14 gol sartu eta gero. Interren "gozatzen" ari dela aitortu du

Dani Saldise Martinikorena irurtzundarra Xota taldean trebatu zen eta Osasuna Magnan debutatu zuen. Imanol Arregiren ezinbesteko jokalarietako bat izan zen iaz taldea utzi zuenera arte, eta aurten, 2020/2021 denboraldian, Inter Movistar talde madrildarrean ari da, pibot. Ligako 19 jardunaldi jokatuta, 15 partida jokatu ditu pibot irurtzundarrak, eta horietatik 8 partida irabazi zituen bere taldeak, 4 berdindu eta eta 3 galdu, eta 15 partida horietan 14 gol sartu ditu irurtzundarrak. Horrela, golegileen txapelketako buruan dago Dani Saldise. 

Dani Saldisek Guaixen egindako elkarrizketan azaldu zuen bezala, “burua tente noa Xotatik, talde honen alde guztia eman dudalako, eta modu berean jaso dut”. 17 urte zituela debutatu zuen Xotako talde nagusian Imanol Arregiren aginduetara. “Gogotsu  nengoen, baina, aldi berean, oso urduri, eta bihotza taupaka nuela, orduko 200 pultsazioetara, zinez” gogoratzen du. Inter Movistar talde ahaltsuaren eskaintza iritsi zitzaion, eta aukerari ez zion ihes egiten utzi. “Nik beti jokalari moduan hazten jarraitu nahi izan dut, eta horretarako aukera ezin hobea iritsi zait, une egokian. Uste dut aldaketa egiteko une perfektua dela hau: 25 urte beteko ditut, adin egokia, jokalari moduan heldutasun handia dut eta betiko klubetik irten eta beste erronka batzuei ekiteko gai ikusten dut neure burua” azaldu zuen. 

Eta badirudi apustua ongi atera zaiola, irurtzundarra gustura baitago Madrilgo etapa zirraragarrian. Jokalari gisa Inter Movistarren “gozatzen” ari dela aitortu du Irurtzungo pibotak, eta asko ari da jokatzen eta baita golak sartzen ere, bera baita golegile nagusia. Pozik dago Saldise, “taldeari ekarpen handia” egiten diola jabetu baita eta bere esker ona azaldu dio Inter Movistarri “besoak zabalik” hartu dutelako. 

Dani Saldise Osasuna Magna Xotaren kontra abenduan lehiatu zen, eta 4 ea 0 gailendu zen Inter Movistar. Saldisek bi gol sartu zituen eta partida “arraroa” egin zitzaiola aitortu du, “lagunen kontra” jokatu zuelako.