Areto futbola

O Parrulo Ferrolen kontrako partida “gakoa” da Osasuna Magnarendako

Guaixe 2021ko ots. 5a, 10:30
Osasuna Magna eta O Parruloren arteko 2019ko partida.

Talde berdeak larunbatean jokatuko du, Ferrolen, goiko postuetatik ez aldentzeko puntuak lortzea ezinbestekoa den partida (19:00, LaLigaSportTV)

Asteburuan 1. Mailako Areto Futbol Txapelketako 20. jardunaldia dago jokoan. Egun Palma Futsal da liderra (37 puntu), 2 puntura Levante taldea duela (35 puntu) eta Osasuna Magna Xota 12. postuan dago (18 puntu). Ligako titulua erabakitzeko Play-Offetan sailkatzeko lehen 8 talderen artean sailkatu beharra dago, eta postu horiei gerturatzeko puntuak bildu beharrean dago talde irurtzundarra, bai ala bai. Horregatik, larunbatean O Parrulo Ferrol taldearen kontra jokatuko duen partida partida “gakoa” da Imanol Arregik zuzentzen duen taldearendako eta talde berdeak mimoz prestatu du norgehiagoka. Partida larunbatean jokatuko da, 19:00etan, Ferrolko A Malata pabilioian, eta zuzenean ikusi ahalko da LaLigaSport TV telebista katean. 

Aurreko astean Imanol Arregik argi eta garbi adierazi zuen “ongi jokatzearekin ez duela balio”. Izan ere, talde irurtzundarrak ongi jokatzen du, gol aukerak sortzen ditu, baina kontrako atean asmatzea kosta egiten zaio. Azken partidetan, garaipena eskuetan izanda, azken unean ihes egin die garaipenak. Irabazi beharra dagoela argi du Imanol Arregik, are gehiago play offetarako sailkatu nahi badute, eta larunbateko partida erabakigarriarendako plantilla guztia eskura izango du entrenatzaile irurtzundarrak.