Areto futbola

O Parrulo azkenak sekulako jipoia eman zion Osasuna Magna Xotari

Guaixe 2021ko ots. 8a, 10:25

Imanol Arregiren taldeak 6 eta 3 galdu zuen Ferrolen eta taldeak “ukitua” dagoela aitortu du. Atzera ere kontrako atean ez asmatzeak talde berdea kondenatu zuen 

Larunbatean partida oso garrantzitsua zuen Osasuna Magna Xotak Ferrolen, sailkapenean azkena den O Parruloren kontra. Ligako titulua erabakitzeko play-off postuetan egon nahi du talde irurtzundarrak, sailkapeneko lehendabiziko 8 postuetan, eta horretarako puntuatu beharrean dago. Eta 3 puntu oso garrantzitsu lortzeko aukera alferrik galdu zuen taldeak. 

Egia esan, guztia gaizki atera zitzaion Imanol Arregiren taldeari. Ez zen partida ona izan, eta egoera gehiago korapilatzeko bi jokalari lesionatu ziren, Wanderson eta Linhares. Beraz, larunbatekoa ahazteko moduko eguna izan zen. 

O Parrulo izan zen markagailuan aurreratu zena, baina berehala berdintzea lortu zuen Osasuna Magnak. Atzera ere Asierren atea zulatzea lortu zuen O Parrulok, eta berdintzeko makina bat aukera izan zituen Xotak, baina Bynhoren, Fabinhoren eta Mancusoren jaurtiketak ez ziren sartu. Hala ere, atsedenaldira joan baino lehen bina berdindu zuen Linharesek. 

Bigarren zatian berehala aureratu zen O Parrulo. Xotak presionatu zuen, baina galiziarrak izan ziren laugarren gola sartu zutenak. Eta falta zuzenaz bosgarren gola egin zuten O Parrulokoek. Dani Zurdok Osasuna Magnaren hirugarrena sartu zuen, eta talde nafarra markagailuan gerturatu zen (5 eta 3). Linhares atezain jokalari jarri zuen Imanolek, baina baloi galdu bat berreskuratuta, seigarren gola sartu zuten galiziarrek eta irurtzundarren asmo on guztiak zapaldu zituzten. Horrela, 6 eta 3 galduta itzuli behar izan zen talde nafarra, nahikoa jota. 

Imanol Arregi entrenatzaileak partida bukaeran azaldu zuen partida lehiatua izan zela,  markagailuak adierazten zuen 6 eta 3a baino paretsuagoa. “Eurek erasoan sekulako eraginkortasuna izan dute eta guk ez. Jo handia izan dute, eta hori da gure porrotaren azalpena ” nabarmendu zuen Imanolek. Irurtzungo teknikaria oso kritikoa izan zen. “Zenbait gol ezin ditugu jaso. Ezin dugu permititu gol horiek jasotzea. Esaterako, euren hirugarren eta laugarren gola barkaezinak dira”. 

Sailkapenean 12. postuan
Levante da 1. Mailako Areto Futboleko lider (38 puntu) Palma Futsal taldeari puntu bat aterata. Osasuna Magna Xota 12. postuan dago (18 puntu). Asteburuan 20. jardunaldia jokatuko da eta Osasuna Magna Xotak sailkapenean 8. den El Pozo Murcia talde ahaltsua hartuko du Anaitasunan, larunbatean, 12:00etan. Bi taldeak puntuen beharrean daude eta partida borrokatua aurreikusten da. Eta zaleen babesak berdeei indarra ematen dien.