Mendia

Apirilean Sakanako Ibilaldirik ez, baina Iratxokoek ez dute martxa aurtengo beste data batean antolatzea baztertzen

Guaixe 2021eko otsailaren 9a

2019ko Sakanako Ibilaldiko San Migeleko hornidura gunea.

Iratxo elkarteak apirilaren 24an jokatu beharreko iraupen luzeko mendi ibilaldia bertan behera uzteko erabakia hartu du, pandemiarengatik, baina itxaropena ez dutela galdu nahi adierazi dute eta ez dute mendi ibilaldia aurtengo beste dataren batean egitea baztertzen

Irurtzungo Iratxo Mendi Elkarteak adierazi du aurten ez dela, apirilean, Sakanako Ibilaldirik izango. Iaz pandemiagatik bertan behera geratu zen iraupen luzeko mendi ibilaldien zirkuituan oso ezaguna den proba sakandarra, eta 2021ean apirilean ere izango da antolatu.

“31. Sakanako Ibilaldia ez da 2021eko ohiko apirilaren azken larunbatean egingo. Iratxo Mendi Taldeak Sakanako Ibilaldiaren inguruko erabakia orain arte atzeratu du, ez baikenuen itxaropena erabat galdu nahi. Baina gizarteak pandemiaren ondorioz bizi duen egoerak bultzatuta eta guztion onerako, apirilean antolatzeko aukera behin betiko baztertzea beste erremediorik ez zaigu geratu” dio Irurtzungo Iratxo Mendi Elkarteak zabaldutako komunikatuak.

Gerta daitekeenaren zain
Nonbait, makina bat mendizale joan zaizkie Sakanako Ibilaldiari buruzko informazio eske eta horregatik azaldu dute apirilean ezinezkoa izanen zaiela. “Momentuz ez dugu aurten, 2021 honetan bertan, antolatzerik baztertu, baina erabakiak hartzeko pandemiaren bilakaera aintzat hartuko dugu. Beraz, gerta daitekeenaren zain geratuko gara eta beste erabakiren bat hartu ahala lehenbailehen jakinaraziko dugu” azaldu dute.