Irurtzundarren etxebizitza premia jakiteko inkesta

Guaixe 2021ko ots. 17a, 10:04

Irurtzungo ikuspegia Ergaren magaletik.

Irurtzungo Udalak herritarren beharrak jakiteko inkesta jarri du bere www.irurtzun.eus webgunean. Udaletik irurtzundarrak “parte hartzera eta inkesta bidaltzera animatu nahi zaituztegu, informazio hori oso baliagarria izango baitzaigu”.

Dagoeneko 12 urte pasa dira Irurtzunen etxebizitzen azken urbanizazioa egin zenetik. Ordutik irurtzundarren artean etxebizitza beharra sortu dela uste dute udal arduradunek. Herrian dagoen etxebizitza beharra asetzeko hainbat aukera dituzte esku artean Irurtzungo Udalak eta Landa Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Estrategia Proiektuen Departamentuak. 

Irurtzundarren artean zein etxebizitza premia dagoen zehatzago jakiteko, Irurtzungo Udalak inkesta jarri du bere web orrian eta irurtzundarrak hura betetzera deitu ditu. Aitor Larraza Carrera alkateak azaldu duenez, “inkestaren bidez edozein adinetako irurtzundarrek zer motatako etxeak behar dituzten eta gutxi gorabehera zer kopuru behar den jakin nahi dugu”.

Inkestak irurtzundarrei posta elektronikoko helbidea, sexua eta adina esatea eskatzen die lehenik. Ondoren, logela kopuruaren arabera etxebizitzaren tamaina zehazteko eskatzen da. Bat eta lau logela artean aukeratu daiteke inkestan. Etxebizitza alokairuan hartu edo jabetzan izan nahiko den ere erantzun beharra dago. Bestetik, urteko errenta zenbatekoa den zehazteko bost aukera ematen ditu inkestak. Eta azken galdera etxebizitzaren erabilerari buruzkoa da: ohiko etxebizitza iraunkorra izateko nahiko luketen edo bigarren etxebizitza gisa.