Areto futbola

Osasuna Magna, Jaenetik Tuterara

Guaixe 2021ko ots. 19a, 10:00
Osasunak Jaenetik garaipena ekartzea espero du.

Larunbatean Jaenen kontra ariko da Osasuna Magna Xota eta asteartean Aspil-Jumpersen kontrako atzeratutako partida jokatuko du Tuteran

Osasuna Magna Xotak ostiralean Andaluziako bidea hartuko du, larunbatean 1. Mailako Ligako 21. jardunaldian Jaen Paraiso Interior taldearen kontra jokatuko baitu. Partida 18:30ean hasiko da. Talde irurtzundarraren asmoa jokoan dauden hiru puntuak lortzea da, sailkapenaren goiko aldera begira jartzeko. Liga erabakitzeko Play-Offak sailkapeneko lehen 8 taldeek jokatzen dituzte, eta egun sailkapenean 12. postuan dago Xota (18 puntu), bi partida gutxiagorekin. Beraz, lehen zortzi sailkatuen artean egoteko lehenbailehen puntuatu beharrean dago Imanol Arregiren taldea. 
Partida zaila dute aurretik, baina motibazioa handia da. 

Asteartean zeresana eman duen derbia jokatuko dute berdeek
Andaluziatik bueltan, eta ia errekuperatzeko tarterik gabe, asteartean Tuterako bidea hartuko dute Imanol Arregiren mutilek, Aspil-Jumpers Ribera Navarraren kontra atzeratutako partida jokatzeko. Talde nafarren arteko derbia ilbeltzaren 4an zen jokatzekoa, baina Osasuna Magnako jokalari batek positibo eman zuen eta partida atzeratzea erabaki zuen epaileak. Horrek soka luzea ekarri zuen, Tuterako taldeak erabakia errekurritu zuelako, euren iritziz talde irurtzundarrak antigeno testak egiteko data ez zuelako bete. Xotari partida galdutzat ematea eskatu zuten Erriberakoek, baina federazioko epaileak ez die arrazoirik eman eta partida, esan bezala, asteartean jokatuko da, Tuteran.