Areto futbola

Osasuna Magna Xota Urrezko hiru puntu lortuta etorri da Jaenetik

Guaixe 2021ko ots. 22a, 10:29
Osasuna Magnakoak aldageletan,Jaenen kontrako garaipena ospatzen. Argazkia: Xota.

Imanol Arregik aitortu du larunbatekoa “garaipen oso garrantzitsua” izan dela. Bihar, asteartea, Aspil-Jumpers Ribera Navarraren kontrako atzeratutako partida jokatuko du talde irurtzundarrak, Tuteran

Larunbatean Osasuna Magna Xotak partida garrantzitsua jokatu zuen Jaenen, Jaen Paraiso Interior taldearen kontra. Jokoan zeuden hiru puntuak oso garrantzitsuak ziren irurtzundarrendako, goiko postuei begira jarri ahal izateko. Hasieran Jaengo taldeak hartu zuen baloiaren jabetza, eta Imanol Arregiren mutilak kontraerasoan saiatu ziren. Horrela iritsi zen talde irurtzundarraren lehen gola, jokaldi ederrean Mancusok lortu zuena. Hala ere, minutu bat beranduago berdintzea lortu zuen Jaenek. 

Osasuna Magnak jokaldi arriskutsu gehiago sortu zituen, eta aukera paregabeak izan zituzten Cesarrek eta Tonyk, baina ez zuten asmatu eta banako berdinketarekin despeditu zen lehen zatia. Bigarren zatia emozio handiarekin hasi zen, Juninhok atzera ere Osasuna Magna aurreratu baitzuen, eta berehala bina berdindu zuen Jaenek. Bi taldeek lehia oso bizia izan zuten, baina 29. minutuan Fabinhok talde berdearen hirugarren gola sartu zuen. Jaen modu guztietara saiatu zen, baina Asierrek geldialdi bikainak egin zituen eta talde irurtzundarraren atean ez zen baloirik sartu. Horrela, 3 puntu oso garrantzitsurekin etxera itzuli zen talde irurtzundarra, pozik. 

Arregi: “Partida oso ona egin dugu”
Imanol Arregi pozik zegoen garaipena lortu izanagatik. “Guretako oso garaipen garrantzitsua da hau. Denbora asko generaman irabazi gabe, eta beharra genuen. Partida ona egin dugu, defentsan serio ibili gara eta nahiz eta azkenean sufritu, hiru puntuak lortu ditugu, guretako berebizikoak direnak” nabarmendu zuen teknikariak. 

Bihar Aspil-Jumpersen kontrako atzeratutako derbia jokatuko da
21 jardunaldi jokatuta, Levante da 1. mailako areto futboleko liderra (47 puntu). Osasuna Magna Xota 12. postuan dago, bi partida gutxiagorekin (21 puntu). Hain zuzen ere, bihar, asteartea, atzeratutako partida horietako bat jokatuko du Imanol Arregiren taldeak, ilbeltzaren 4an Aspil-Jumpers Ribera Navarra taldearen kontra jokatutako derbia, talde irurtzundarraren positibo bat zela medio epaileak atzeratzea erabaki zuena. Bihar jokatuko da, Tuteran, zeresana eman duen partida.