Areto futbola

Derbi polemikoa Osasuna Magnarendako

Guaixe 2021ko ots. 24a, 07:28

Aspil-Jumpers Ribera Navarraren kontrako atzeratutako derbian 0 eta 1 gailendu zen Imanol Arregiren taldea eta talde berdeak bigarren garaipena lortu du jarraian

Larunbatean Jaenen kontra garaipen garrantzitsua lortu eta gero, atzo Aspil-Jumpers Ribera Navarraren kontrako atzeratutako partida jokatu zuen Osasuna Magna Xotak. Partida oso estua izan zen, puntuen premian baitzeuden bi taldeak. 

Tuterako taldearena izan zen partidako lehen gol aukera, baina Asierrek ongi defendatu zuen berdeen atea. Lehen tarte horretan Aspil-Jumpersena izan zen baloiaren jabetza, baina Osasuna Magnak ongi eutsi zuen, ongi defendatu zuen eta kontraerasoekin min egiten saiatu zen. Lehen zatian parez pare ibili ziren bi talde nafarrak, eta husnako berdinketarekin joan ziren atsedenaldira. 

Bigarren zatian erritmoa azkartu zuten bi taldeek. Biek gol aukera ederrak sortu zituzten, baina bi atezainak ongi ibili ziren. Imanol Arregiren mutilek gora egin zuten, eta Aspil-Jumpers ederki presionatu zuten. Partida bukatzeko bost minuturen faltan, Imanol Arregik Tony atezain-jokalari postuan jarri zuen, erasoan arriskatuz, eta partida bukatzear zegoela Fabinhok Osasuna Magna Xotaren garaipen gola sartu zuen, beste hiru puntu preziatu ekarri dituenak. 

Ostiralean Betis hartuko dute Anaitasunan
1. Mailako Areto Futboleko sailkapenean Levante da liderra (47 puntu) eta Osasuna Magna Xota 10. postura igo da (24 puntu), partida bat gutxiagorekin. Ostiralean talde berdeak sailkapenean 29 punturekin  8. postuan dagoen Real Betis Futsal taldea hartuko du Anaitasuna pabilioian, 20:30ean. Ea jokoan dauden beste hiru puntuak eskuratu eta talde berdea play-off postuetara gerturatzen den. Partida zuzenean ikusi ahalko da LaLigaSportsTV eta Navarra TV telebista kateetan.