Sakanako eraldaketa digitalerako gunea, Dinabide, bertatik bertara ezagutu dute Sodenako eta Nafarroako klusterretako ordezkariek. Zehazki, Acan (automobilgintza klusterra), ClavNa (ikus-entzunezkoen klusterra), Nagrifood (elikadura klusterra), Functional Print (tintaren inguruko klusterra), Enercluster (aire energiaren klusterra) eta Atana (IKT klusterra).
Bisitariek lehenik, tailerra, makinen demostrazioak, kasu arrakastatsuak, fabrikazio gehigarriko piezak, errealitate areagotuko aplikazioak, elkarlaneko robota eta exoeskeletoak ezagutzeko aukera izan dute. Horien guztien gaineko azalpenak Mikel Irijalbak (Hirudi 3D) eta Daniel Aristuk (Iruñea technologies) eman dizkiete. Horren ondoren, Sakanako Garapen Agentziako Aintzane Iriberrik eta Hirudi 3Dko Mikel Arbeloak labur azaldu dutenez, “Dinabidek teknologia, trebakuntza eta pertsonak eskain ditzake”.
Lekukotasunak
Dinabiden ari direnen lekukotasunak ere ezagutzeko aukera izan dute Sodenako eta klusterretako ordezkariek. Nafarroako Industria Fundazioko Gonzalo Franco kolaboratzaileak egiten ari diren Gaitasun Digitalak Ebaluatzeko proiektua azaldu du, hau da, enpresa bakoitzaren beharretara egokitutako trebakuntza-ibilbide-orri bat diseinatzeko tresna.
Azkenik, Dinabiden presentzialki edo birtualki ari diren coworkerrek beraien proiektuak aurkeztu dituzte eta eraldaketarako guneak zer ematen dien azaldu die: Kisar Energiako Esther Muñoz, AC Systemseko Jesus Arzoz eta Kudeako Patxi Miranda Servicios.